Erraustegia geratzeko lau lan ildo aurkeztu ditu GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 9a, 16:44

Maiatzaren 7an urtebeteko ibilbidea osatu zuen guraso taldea hedabideen aurrera agertu da astearte goiz honetan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, erraustegia eraikitzeko lanak abiatzear diren honetan mezu argi bat helarazteko. Hemen ez dela ezer amaitzen adierazteko, fase berri batean sartzera goazela argitzeko baizik. "Ez goaz etxera. Lanean segiko dugu", iragarri du guraso taldeak. Etapa berri honetarako, hondakinen kudeaketarekin dugun arazoari irtenbide adostu bat emateko lau lan ildo aurkeztu ditu goizean:

1-Defentsa juridikoa

GuraSOSek iaztik hainbat ekimen juridiko martxan jartzen joan da. Egun, 4 prozedura dituzte zabalik. Defentsa judiziala amaieraraino eraman nahi dute, "beharrezkoa balitz Europaraino". Egunotan gai honi loturiko albisterik egon liteke. Iragarri dutenez, "datozen egunotan EAEko Auzitegi Nagusiko lehenengo aretoak PIGRUG 2002-2016aren gaineko suspentsio eskaeraren ebazpena ebatziko du". 

2-Erraustegiaren finantziazioa kolokan jartzea

Erraustegia finantzatuko dutenen artean dago Meridiam izeneko taldea. Talde honetan dirua inbertitua dute hainbat familia eskandinaviarrek. Haiekin, "komunikazio bide bat zabalduko dugu" iragarri du GuraSOSek. Meridiam taldeak, "UTE-aren bazkidetzaren gehiengoa du, %50a". Parisen (Frantzia) egoitzan duen finantza talde honekin hartuemanetan da jada guraso taldea.

"Bere elkartearen gutun etikoa ezagutzen dugu, baita inbertsio arduratsuaren printzipioen gaineko konpromisoa. Horrela, geure iniziatiba sozial zein juridikoen gaineko informazioa helarazi diegu, eta, horrekin batera, geure kezka ingurunearekin zein eskubide zibilekin lotutako gaiekiko, horiek ez direla bermatu ulertzen dugulako. Horrekin batera, Urbaserren etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna (Madrilen ustelkeriaren aurka eginiko azken polizia operazioan miatu zuten enpresa hau),eta beren jardueraren gaineko susmoak. Hori guztia beraiek erabaki dezaten ea enpresa horrek betetzen dituen ala ez, gutun etikoan jasotzen dituen printzipioak. Printzipio horiek ustelkeriarekin lotuta egon daitezkeen transakzioak eta gizartearen oinarrizko eskubideak ez errespetatzea baztertzen dituzte. Printzipioek, ordea, ingurumenarekiko proiektuak eta gertuko ekonomiaren garapena bultzatzen dute", ohartarazi du GuraSOSek. 

3-Hitza Hartu prozesua

Iazko ekainean iragarri arren, gerora Gipuzkoako Foru Aldundiak egin nahi izan ez duen herrialde mailako parte hartze prozesua abiatuko du GuraSOSek, adituen laguntzaz. Hiru ardatz nagusion bueltan: "Kohesio sozial handiena lortzea, osasunaren babes handiena lortzea eta gaia Europako araudiari egokitzea". Euskal Herriko Unibertsitatearen "Parte Hartuz" ikerketa taldeak diseinatuko du prozesua. Horren "emaitza izango da 2017-2030 Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren proposamena". 

4-Gipuzkoa+Technology

Ikuspegi ekonomiko eta pragmatikoagoa duen iniziatiba ekintzaile bat ere abiatuko du GuraSOSek, "Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren gaian erreferentzia teknologiko eta soziala bilakatzeko asmoarekin"; "Gipuzkoa+Technology" izenekoa. Prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklapenean inbertsioa eta ikerketa sustatzea proposatzen du GuraSOSek. "Hondakinen kudeaketa eta parte hartzearen inguruan eredu eta praktika onak esportatzea proposatzen dugu. Industria oso bat (aberastasuna, lanpostuak...) sortzea hondakinen kudeaketaren gaiarekin, alegia. Azken batean, Gipuzkoak duen eta azken urteotan sortu dugun energia politikoa, instituzionala, teknologia, eta batez ere, sozialaz baliatzea eta norabide egokian jartzea, errentagarritasun soziala eta ekonomikoa lortze aldera. Iniziatiba horien inpaktu ekonomikoa oso altua izan daiteke, are gehiago kohesio soziala lortze aldera izan dezakeen eragina, baita ekonomiaren gaineko ondorio positiboak ere". 

Azken bi ekimenok gizarte, ekonomia, unibertsitate eta eragile politikoekin partekatzera doa GuraSOS.