Erraustegia eraikitzen hastear duten honetan, ugaritzen doaz protesta ekintzak han eta hemen. EAJ-ren Donostiako batzokian zaborra bota eta pintaketak egin zituen atzo Ernai Donostiak. Sare sozialen bidez zabaldu duten ondoko bideoan ikus daitekeenez, zuriz estalitako zenbait lagun hurbildu ziren atzo zabor poltsa bat bizkar gainean zeramatela jeltzaleen Pinu Bidea kaleko egoitza atariraino. Poltsa barruan zeramatena bertan hustu zuten. "Erraustegia geldituko dugu" esaldia margotu zuten batzokiko horman. "Mafiosoak, zuenak egin du" eta "Zaborra zarete" deritzon pankartak zintzilikatu zituzten baita. Bideo hau atzo arratsaldean eman zuten argitara.
https://youtu.be/lWu7P6R11lE
Bestalde, albiste honi atxikitako ARGIAk grabaturiko bideoan duzue, erraustegia eraiki asmo duten zero gunean, Zubieta gainean, ezezagunek egin dituzten margoketak. Denetariko aldarriak islatu dituzte bide bazterretan kokaturiko hesietan: "Erraustegirik ez", "Bizitza da handiena", "Ama lurra negarrez", "Lapurrak! Erakutsi kontratua", "Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa", "Txikizioa gelditu", "Ongi etorri Ingurumen Zentrura, gelditu lapurreta", "Zuen negozia gure minbizia", "Ez kutsatu", "Lapurrak", "Gelditu lapurreta", "Ustelak kanpora", "Ingurumen zentrua ez Zubietan, ez inon. Ez gure izenean", "Erraustegia geldituko dugu", "Ez onartu erraustegi kriminala"... Erraustegiari loturikoak dira margoketak gehienak, baina baita erraustegitik gertu eraiki nahi duten makrokartzelaren aurkakoak ere.