Ziortzakoak antzezle, Maliko haurren alde

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 9a, 08:31

Maliko haurrei eskola materiala bidaltzeko Ziortza Gazte Elkarteko LH 5-6 mailetako ikasle taldeak asteotan antolatu duen bilketa kanpaina arrakastatsua suertatu da. Larunbatean Potxoenean borobildu zuten, aretoa goraino bete zutenek gogotik txalotu zuten antzezlan batekin. Liburutegian, Artzabalen eta Kiroldegian bildutako materiala ostiralean paketatu eta bidaliko dute.

179 izen emate Udajolasen, zozketarik ez da egingo

Astelehenean itxi genuen Usurbilgo Udalak eta NOAUA!k uztailerako antolatu dugun Udajolaseko izen ematea. Maiatzaren 2az geroztik, atzo arratsaldeko 18:00ak arte, 4-12 urte arteko 179 haur eta gaztetxok bideratu zuten inskripzioa udako txokoetarako. 200 lagunentzako lekua zegoenez, izen emate guztiak onartu dira. Honenbestez, ez da zozketarik egingo. Udajolasi buruzko argibide gehiago, ekainaren 8an 17:00etan Sutegiko auditorioan antolatu dugun guraso bileran eskainiko ditugu. 

Aginagako txokoak

Maiatzaren 15era arte zabalik dago Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak udarako antolatu dituen txokoetan izen emateko epea. Txokoak ekainaren 26tik uztailaren 28ra luzatuko dira. “Apuntatzeko bi aukera izango dira, iraupen osoa edota asteak solte”, ohartarazi dute antolatzaileek. Informazio gehiago eta izen ematea, aginaga@eskolatxikiak.org atarian.

Zubietako txokoak

Ostiral honetara arteko, maiatzaren 12rako epea dago, Zubietako Guraso Elkarteak uztaila eta abuzturako 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta antolatu dituzten udako txokoetan izen emateko. “Egitaraua eta egutegia oraindik zehaztu gabe badago ere, hasiera batean txokoak goizetan izango dira, haurrek lagun artean jolastu, tailerretan parte hartu, irteerak egin eta abar luze bat egiteko aukera izango dute Ttakun Elkartearen gidaritzapean”, berri eman dute antolatzaileek. Inskripzio orriak Zubietako Eskolan eskura daitezke. Izen emateko eta argibide gehiagorako: zubietatxoko@gmail.com edo 649 659 786.