Erraustegia eguneko albiste izango dugu berriz asteazken honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza batek Zubieta gainean eraikitzen hastear diren hondakinak erretzeko plantako lanen gunea bisitatuko du goizeko 11:30etan. Lanen hasiera irudikatuko duen lehen harria jarriko dute. Foru Aldundiko web orrialdeak iragarri duenez, bertan izango da Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua. Ekitaldi hau dela eta, mobilizatzera deitu ditu herritarrak Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak. Asteazken goizeko 10:30etarako elkarretaratzea deitu du eraikitze lanon gunera igotzeko puntuan, Bugatiko gasolindegi parean.
Ez da aste honetarako antolatu duten mobilizazio bakarra izango. Adi datozen deialdi hauei:
Datozen deialdiak
Maiatzak 10, asteazkena
10:30 Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko lanen lehen harria jartzeko ekitaldia egingo duenez, elkarretaratzea goizean zehar Bugatiko gasolindegi parean.
Maiatzak 12 eta 19, ostiralak
19:00 Elkarretaratze zaratatsuak Mikel Laboa plazan. "Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak… ".
Maiatzak 27, larunbata
Egun osoz, mobilizazio eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika… Tartean herri bazkaria. Txartelak aurrez jarriko dituzte salgai. Arratsaldez, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolaturiko ekimenak.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.