Udako aisialdi eskaintza ezberdinetan izen emateko epeak zabalik segitzen du. Honako hauek, inskripzioak bideratzeko azken egunak dira ordea. Zubietako udako txokoetan maiatzaren 12ra arteko epea dago izen emateko; Aginagako udako txokoetan maiatzaren 15era artekoa.
Zubietako txokoak
Ostiral honetara arteko, maiatzaren 12rako epea dago, Zubietako Guraso Elkarteak uztaila eta abuzturako 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta antolatu dituzten udako txokoetan izen emateko. “Egitaraua eta egutegia oraindik zehaztu gabe badago ere, hasiera batean txokoak goizetan izango dira, haurrek lagun artean jolastu, tailerretan parte hartu, irteerak egin eta abar luze bat egiteko aukera izango dute Ttakun Elkartearen gidaritzapean”, berri eman dute antolatzaileek. Inskripzio orriak Zubietako Eskolan eskura daitezke. Izen emateko eta argibide gehiagorako: zubietatxoko@gmail.com edo 649 659 786.
Aginagako txokoak
Maiatzaren 15era arte zabalik dago Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak udarako antolatu dituen txokoetan izen emateko epea. Txokoak ekainaren 26tik uztailaren 28ra luzatuko dira. “Apuntatzeko bi aukera izango dira, iraupen osoa edota asteak solte”, ohartarazi dute antolatzaileek. Informazio gehiago eta izen ematea, aginaga@eskolatxikiak.org atarian.
179 izen emate Udajolasen, zozketarik ez da egingo
Astelehenean itxi genuen Usurbilgo Udalak eta NOAUA!k uztailerako antolatu dugun Udajolaseko izen ematea. Maiatzaren 2az geroztik, astelehen arratsaldeko 18:00ak arte, 4-12 urte arteko 179 haur eta gaztetxok bideratu zuten inskripzioa udako txokoetarako. 200 lagunentzako lekua zegoenez, izen emate guztiak onartu dira. Honenbestez, ez da zozketarik egingo. Udajolasi buruzko argibide gehiago, ekainaren 8an 17:00etan Sutegiko auditorioan antolatu dugun guraso bileran eskainiko ditugu.