Ehunetik gora herritar mobilizatu dira Bugatin, errausketaren aurka

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 10a, 14:31

Lan eguna izateko lagun mordoa bildu da asteazken goiz honetan, errausketaren aurka Zubietako Bugatiko gasolindegi parean deitua zegoen elkarretaratzean. "Errausketarik ez! Ez gure izenean", errausketaren aurkako eta birziklatzearen aldeko aldarrien bueltan bildu dira protesta ekimenean parte hartu duten herritarrak. Errausketaren aurkako txistu eta oihuak ugariak izan dira mobilizazioan zehar. Are gehiago ugaritu eta indartu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak errausketaren zero gunean, eraikitze lanen hasiera dela eta deitua zuen ekitaldira zihoazenak paretik pasa direnean.

Hain zuzen, Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak mobilizatzeko hautatu duen kokagunea Zubietarako sarbideetako bat da, ongi etorria emateko bertan jarritako kartelak ezinhobeto adierazten duen moduan. Baina gaurtik, erraustegirako eraikitze lanen sarbidea ere bai. 

Ehunetik gora lagun bildu direla diogu Bugatiko gasolindegi parean, baina askoz gehiago izan dira deialdiarekin bat egin dutenak. Etengabekoa izan baita ibilgailuen joan etorria inguru hartan, eta gidari batek baino gehiagok ere klaxona joz babesa adierazi die elkarretaratzean bildutakoei.