Foru Aldundia erraustegiaz: "Atzera kontaketa hasi da"

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 10a, 14:55

Erraustegia eraikitzeko lanei hasiera ofiziala eman diete jada. Lanen gunean bertan bisitan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, asteazken eguerdi honetan. Gipuzkoarrei emandako hitza betetze bidean direla ikusita, pozik agertu dira Diputazioko kideak bertaratu den hedabide mordoaren aurrera. Ikusmina eragin du hitzorduak. "Heldu da eguna. Hemendik aurrera, atzera kontaketa hasi da", adierazpenokin abiatu du bere mintzaldia, hitza hartzen lehena izan den ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok.

Hondakinen kudeaketarekin dugun arazo larriari buruz zioenez, "gaurtik aurrera konponbidearen irtenbidea ikusten hasi gara". Legealdi hau hasi eta kargua hartu zutenetik, aurreko legegintzalditik jasotako egoera ekonomikoari, azpiegitura ezari eta irtenbide faltari aurre egin beharrean aurkitu direla nabarmendu du Asensiok. "Gaur egoera erabat bideratu dugu, eta bi urte barru, Gipuzkoak behar dituen azpiegiturak abian izango ditu", iragarri du ingurumen diputatuak. 

Markel Olano: "Herriari eman genion hitza bete egingo dugu"

Egun garrantzitsu eta "polit" gisa definitu du gaurkoa Diputazioko langile eta arduradunentzat, Ahaldun Nagusi Markel Olanok. "Gaurkoan gure lurraldeak pauso garrantzitsua ematen du", nabarmendu du. Bere esanetan, etorkizunari begira gaur emandako urratsarekin, amaigabetzat jo eta eskuartean duten proiektua gauzatzea geldiarazten zuten eztabaidak atzean utzi eta "aurrera egiteko gauza garela" erakusten du Aldundiak. Geldialdiak "izugarrizko kaltea egin digu guztioi" zioen Olanok. 

Erraustegia eraikitzeko lanak abiatzearekin bat, Aldundiak gipuzkoarrei hauteskundeetara aurkeztean emandako hitza bete duelako harro agertu da Ahaldun Nagusia. Bere esanetan, hartutako konpromisoa bete dute. "Kaleak bi gauza exijitzen dizkigu: batetik arazoa konpontzea eta bigarrenik, ingurumen ikuspegitik ahalik eta baldintza hoberenekin egitea, eta hala egingo dugu", iragarri du. Gaur eraikitzen hasi diren erraustegia, mundu mailako erreferentzia, azpiegitura aurreratuenetarikoa dela azpimarratu du Olanok, "herrisk hala exijitzen digulako", ingurumenaren eta zehaztu nahi izan ez dituen "emisioen" ikuspegitik.

Bitxia izan da, une oro erraustegiaz hitz egiten ari ziren arren, erraustegi hitza aipatu ere ez dute egin. Eta erraustegiaren emisioez ari zenean ere ez dute zehaztu, zer eta zenbat partikula jaurtiko dituen airera erraustegiak. Ingurumen Departamenduko kideek egindako lanagatik zoriondu eta eskerrak helarazi dizkie Olanok. 

Atzera kontua martxan dela aipatu du Aldundiak. Legealdi hau amaitzerako, hau da, 2019ko udaberrirako erraustegia eraikia eta froga moduan lanean egongo dela aurreikusten dute. Urte bereko udazkenerako martxan, "eta horrekin guk herriari eman genion hitza bete egingo dugu. Gaur hasten dugu bide hori", adierazi du Olanok.

Eraikitze lanez arduratuko den enpresa taldeko ordezkari Carlos Abiliok ere parte hartu du ekitaldian. Erraustegiko lanen alderdi teknikoaz jardun da.