Erraustegiaren aurkako elkarretaratze zaratatsua ostiralean Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 11a, 04:00

Asteazkenaz geroztik abian dira erraustegia eraikitzeko lanak. Gogoan izan, protesta artean ekin zitzaiola lanei. Ehun lagunetik gora bildu ziren Bugatiko gasolindegi parean, erraustegi eraikitzen hasi diren gunera igotzeko sarbidean. Mobilizazio gehiago deitu dira asteotarako. Hurrengo hitzordua ostiral honetarako finkatu du Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak. Astelehenean egin zen bezala, kontzentrazio zaratatsua deitu dute maiatzaren 12rako arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. Datozen bi ostiraletarako finkatu dute hitzordu bera, hilaren 12 eta 19rako hurrenez hurren. Soinua eragiteko gailuak hartuta, parte hartzeko gonbita luzatzen dute Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldetik. Aste hasieran egin zen moduan, gure izenean errausketarik ez dugula esan nahi ozen asko aldarrikatzera animatzen gaituzte.

Elkarretaratzeokin ere maiatzaren 27rako Zubietan antolatu duten mobilizazio eguna girotzen joan nahi dute deitzaileek. 

Datozen deialdiak

Maiatzak 12 eta 19, ostiralak

19:00 Elkarretaratze zaratatsuak Mikel Laboa plazan. "Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak… ".

Maiatzak 25, osteguna

18:00 Auto karabana Decathloneko aparkalekutik abiatuta.

Maiatzak 27, larunbata

Egun osoz, Erraustegiren Aurkako Eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika… Tartean herri bazkaria. Txartelak aurrez jarriko dituzte salgai. Arratsaldez, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolaturiko ekimenak. 

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.