Erraustegiaren aurrean, bizitza babesten segitzeko deia

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 11a, 12:56

Errausketaren Aurkako Mugimendutik argi diote, eraikitze lanak hasi berri diren honetan, "egoera larria eta gogorra da". Baina animua ez galtzera deitzen dute. "15 urte doaz erraustegi zikina egin nahian, eta oraindik ez dute lortu", zabaldu dute sare sozialen bidez. Bizitza babesteko deia luzatzen diete gipuzkoarrei. "Murrizketak, lapurreta, ustelkeria, minbizia herritarrontzat, aberatsen mesedetara egindako politika... Erraustegitik hasita, Gipuzkoako erregimen ustela bota behar dugu. Troika gipuzkoarraren inposaketaren aurrean, bizitza babestu behar dugu nola edo hala. Eta horretara goaz, behetik gora. Interes alderdikoietatik harago, herritarren %99 geure burua eta komunitatea babestu behar dugu %1 aberatsaren aurrean". Datozen mobilizazioetan parte hartze hartzera deitzen dute. "Gipuzkoa probintzia txikia da, baina herritar duinek osatzen dugu, Gipuzkoa txikia da baina elite politiko-enpresarial sendoak osatzen du. Hala ere hondakinen gaian txiki eta gutxituak izanagatik, herritar arduratsuek osatzen dugu Gipuzkoa eta gainera frogatu dugu erraustegirik ez dugula behar alternatiba merke eta osasuntsuagoak aurrera eraman ditugulako. Ez zaitzatela engainatu Gipuzkoan erreus kopurua asko jaitsi daiteke eta bestelako irteera eman, baina ez zaie interesatzen, nahi duten bakarra pastelaren negozioa dastatzea da eta hori Gipuzkoa osoaren kaltetan doa. Asteleheneko burrunbak iritsi daitezela herritarrak altxatzera eta ustelen laguntxoen belarrietara". 

Elkarretaratze zaratatsuak Gipuzkoan

Mobilizazioak deitu dituzte asteotarako. Aste hau ere mobilizazioekin abiatu genuen. Gipuzkoako beste hainbat udalerrietan bezala, Usurbilen eta Zubietan ere plazara atera ziren astelehenean herritarrak, inoiz baino ozenago, erraustegirik ez dutela nahi adieraztera. Zaratatsua izan ziren elkarretaratzeak. Txilibitu, kazola eta soinua eragiten duten gainerako gailuekin gerturatu ziren usurbildarrak Mikel Laboa plazara eta zubietarrak frontoi ondoko plazara. 

Ozen asko adierazi nahi izan zieten erraustegia eraikitzeko proiektua defendatu eta eraiki asmo dutenei, haien izenean ezetz, guztion osasun, ingurumen eta ekonomia kaltetuko duen erraustegirik ez dutela nahi. Ez Zubietan, ez inon. Ez usurbildarrek, zubietarrek, ezta Gipuzkoa luze zabalean aste hasieran egin ziren dozena bat mobilizazioetan parte hartu zutenek ere. Aiztondon, Andoainen, Anoetan, Arrasaten, Astigarragan, Azkoitian, Bergaran, Donostian, Hernanin, Hondarribian, Ibarran, Lasarte-Orian, Legazpin, Lezon, Oiartzunen, Orereta-Errenterian, Orion, Pasaian, Urnietan, Urretxu-Zumarragan, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian ere herritarrak kalera atera ziren maiatzaren 8an, errausketaren aurka protestatzera.

Udalerri guztiotako irudiak bildu ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak bere blogean eta albiste honi atxikitako bideoan. Helbide honetan dituzue ikusgai: erraustuez.org

Datozen deialdiak

Maiatzak 12 eta 19, ostiralak

19:00 Elkarretaratze zaratatsuak Mikel Laboa plazan. "Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak… ".

Maiatzak 25, osteguna

18:00 Auto karabana Decathloneko aparkalekutik abiatuta.

Maiatzak 27, larunbata

Egun osoz, Erraustegiren Aurkako Eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika… Tartean herri bazkaria. Txartelak aurrez jarriko dituzte salgai. Arratsaldez, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolaturiko ekimenak. 

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.