Senpereko aintziraren bueltan bilduko dira milaka euskaltzale igande honetan, maiatzaren 14an ospatuko den Herri Urrats jaialdian. "(H)aizu!" lemapean antolatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festa. Aldarria, "zuzenki lizeoko ikasleekin lotua da. Aspaldidanik bertako ikasleek baxoa haien hizkuntzan pasatzeko borrokan ari dira, baina azterketa hori euskaraz egitea ez da oraino haizu. Horregatik, aurten Herri Urratsek lizeoko ikasleen aldarrikapena berea egiten du, baxoa euskaraz pasatzea haizu izan dadin, eta euskararen ofizialtasuna behingoz izan dadin HAIZU! Bigarrenik, ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, euskaraz bizitzea, zerbitzu publikoak euskaraz izatea, lan munduan euskaraz aritzea Haizu izan dadin".
Honez gain, Herri Urrats jaialdiaz gain, zerbait gehiagoren beharrean direla aldarrikatu nahi dute. "Beraz Euskal Elkargoari deia, ikastolen eraikuntzen gaia eskutan har dezan". Eta euskal herritarrei oro har, "euskara Seaskaren aldarrikapen hau sostenga dezaten".
Bernat Etxepare euskal lizeoa laguntzeko
Bildutako laguntza, iaz bezala, Baionako Bernat Etxepare euskal lizeora bideratuko da. Eraikin berria altxatzen ari dira eta laguntza beharrean dira. Apirilaren 8an gure artean izan genuen lizeo hartako ordezkaritza bat, aurretik herri honetan bideratu zuten elkartasun kanpaina borobiltzen.
Ken Zazpi
Herri Urratsen edizio honetarako abestia, larunbat gauerdian Dema plazan kontzertua eskaintzen izango dugun Ken Zazpi taldeak sortu du. Usurbilen izan ostean, Senperen eskainiko dute emanaldia igandean, besteak beste, Huntza, Anje Duhalde edota Zea Maysekin batera. Haurrentzako ikuskizunak, tailerrak, jan edana, kultur ekitaldiak... egitarau oparoa josi dute antolatzaileek.
Usurbildarrak bertan
Igandean Senperera gerturatuko direnen artean izango dira usurbildarrak. Gogoan izan, Andatza M.K.T.-k irteera antolatu duela larunbatean Ereñotzutik Senpererako bidea oinez egiteko. Larunbat goizeko 08:30etan abiatuko dira, jada itxita dagoen epearen baitan izena eman zuten mendizaleak, Oiardo Kiroldegitik autobusez. Ereñozu eta Lesaka arteko bidea osatuko dute larunbatean, igandean Senpererainokoa.
Igandean bigarren autobus bat abiatuko da 08:30etan Oiardo Kiroldegitik. Lizuniagan egingo du lehen geldialdia eta handik Senperera oinez joateko aukera izango da bezperan Ereñotzutik abiatutako taldearekin. Autobusak bigarren geldialdia Herri Urratsen bertan egingo du. Guztientzako Usurbila itzultzeko ordua, 18:30etan finkatu dute. Informazio gehiago: Andatza M.K.T.-koen asteburu pasa