Errausketaren aurkako zarata-dezibelak gehitzen doaz, egunek aurrera egin ahala. Herritarren artean gaia eragiten ari den kezka eta haserrearen adierazle argia da hori. Ikusi besterik ez zegoen ostiral arratsalde honetan frontoi atzeak zuen itxura. Aste honetako hirugarren mobilizazio zaratatsua egin dute gaur usurbildarrek, eraikitzen hasi berri diren erraustegiaren aurka. Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak deitu du mobilizazioa Mikel Laboa plazan. Elkarretaratze zaratatsua izan da gaurkoa ere, astelehenean leku berean eta asteazkenean Bugatin egin zen bezala. Aste berean antolatu den hirugarren mobilizazioa izan arren, deialdi hauei erantzuten segitzen diote herritarrek; haur, gazte, heldu edota gurasoek. Gaurkoan ere eskura zituzten soinua eragiteko gailuekin bertaratu dira herritarrak. Errausketaren aurkako aldarriaren oihartzuna, Mikel Laboa plazatik herri erdigunean zehar barreiatu dute.
Astebete barru berriz
Amaieran, errausketaren aurkako eta birziklatzearen aldeko banderolak banatu dituzte antolatzaileek, mobilizazioan parte hartu dutenen artean. Esku hutsik geratu dira. Banderola hauek etxeko balkoi eta leihoetan zintzilikatzeko deia egin dute. Eskuratu ez baduzu, hurrengo ostiraleko elkarretaratzera gerturatu. Maiatzaren 19an ere mobilizatzeko deia egin baitu Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak. Gaur bezala, arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. Banderola gehiago eskuratzeko aukera izango da bertan.
Ez ahaztu bestalde, bide batez, mobilizazio hauekin, maiatzaren 27rako Zubietan antolatzen ari diren Errausketaren Aurkako Eguna ere girotu nahi dutela. Adi beraz datozen deialdiei:
Datozen deialdiak
Maiatzak 19, ostirala
19:00 Elkarretaratze zaratatsuak Mikel Laboa plazan. "Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak… ".
Maiatzak 25, osteguna
18:00 Auto karabana Decathloneko aparkalekutik abiatuta.
Maiatzak 27, larunbata
Egun osoz, Erraustegiren Aurkako Eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika… Tartean herri bazkaria. Txartelak aurrez jarriko dituzte salgai. Arratsaldez, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolaturiko ekimenak.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.