Gertaera goizaldeko 02:00ak aldera jazo da, maiatzaren 7ko herri galdeketa antolatu zuen Herritzartu Elkarteak Etxebeste kalean duen egoitza atarian. Argitzeke dauden arrazoiengatik, sua hartu du Lizardi liburu denda eta Marije arropa denden artean dagoen lokalaren atarian esekita zegoen pankartak. Pankarta honek maiatzaren 7ko herri galdeketako emaitzak islatzen zituen. Aurreko igandean emaitzen berri eman zenean, Mikel Laboa plazan Herritzartu Elkarteak eseki zuena da hain zuzen. Geroztik egunotan lokalaren atarian egon da zintzilikatua.
Sua zegoela ohartu ziren herritarrek helarazitakoak dira ondoko irudiak. Sua zegoela jabetu eta berehala joan ziren itzaltzera. Zorionez, suteak Herritzaturen lokaleko eta ondoko erakusleihoak belztu ditu baina kalte material gehiago ez ditu eragin. Egun argiz begi bistakoak dira gaur, bart gaueko suteak utzitako arrastoak.