Herritzartu eta Gure Esku Dagoren adierazpena, bart gaueko erasoaren ostean

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 13a, 13:35

Herritzartu Elkarteak Etxebeste kalean duen egoitzako atarian esekia zuten pankarta erre dute bart goizaldeko 02:00ak aldera, oraindik orain argitzeke dauden arrazoiengatik. Kalte materialak handiagoak izan zitezkeen arren, pankarta kiskaltzeaz gain, suteak Herritzaturen lokaleko erakusleihoa belztu du soilik. "Ez dakigu nor edo nortzuk izan diren ezta ze asmorekin egin duten. Ezin dugu ziurtatu, ondorioz, zein izan den ekintza honen iturburua ezta intentzio politikorik izan den ere ez. Edozein kasu, galdeketaren aurka egiteko izan bada, oso larria dela azpimarratu nahi dugu. Azken batean, eraso horrek demokraziaren aurka egiten baitu zuzen-zuzenean, herritarron hitza eta erabakiaren aurka, hain zuzen ere", adierazi dute Herritzartutik NOAUA!ra helarazi berri duen prentsa oharrean. 

Honatx, erabakitze eskubidearen aldeko bilguneak plazaratu berri duen adierazpena bere osotasunean:

Herritzartu eta Gure Esku Dagoren prentsa oharra:

Gaur goizaldean Herritzartuk Etxebeste kalean duen egoitzaren kanpoaldean maiatzaren 7ko galdeketako emaitzekin jarrita zuen pankartari norbaitek edota norbaitzuk su eman diotela-eta, honako hau adierazi nahi dugu Herritzartuk eta Gure Esku Dagok:

-Goizeko ordu biak aldera gertatu da. Norbaitek edo norbaitzuk Herritzarturen egoitzaren kanpoaldean jarrita geneukan pankartari su eman diote. Maiatzaren 7an Usurbilen egin genuen estatus politikoaren inguruko galdeketa, eta emaitzak biltzen zituen pankarta eskegi genuen lehengo astelehenean. Aste osoa eman du han pankartak. Haatik, gaur goizaldean su eman diote. Aldameneko tabernan zeuden herrikide batzuek itzali dute. Eskerrak garaiz itzali dutela, sute horrek eragin zezakeen arriskua handia izan baita.

-Gertatuaren berri aseguruari eman ostean, udaltzainak izan dira egoitzan. Dagokion tokian salaketa jarriko dugu astelehenean auzibide bat martxan jartzeko, baina, edozein kasu, prentsa ohar honen bidez ere publikoki salatu nahi dugu gertatutakoa.

-Ez dakigu nor edo nortzuk izan diren ezta ze asmorekin egin duten. Ezin dugu ziurtatu, ondorioz, zein izan den ekintza honen iturburua ezta intentzio politikorik izan den ere ez. Edozein kasu, galdeketaren aurka egiteko izan bada, oso larria dela azpimarratu nahi dugu. Azken batean, eraso horrek demokraziaren aurka egiten baitu zuzen-zuzenean, herritarron hitza eta erabakiaren aurka, hain zuzen ere.

-Igandean 1.848 usurbildarrek hartu genuen hitza, %38,36k. Erabakitze eskubidea nahi dugula eta praktikara eraman nahi dugula adierazi genuen ozenki. Hori ezin da egun batetik bestera isilarazi. Eta gutxiago modu hauen bidez.

-Gu orain arteko bidean urratsak egiten jarraituko dugu. Hilabete luze hauetan dinamika eta elkarlan handia eratu dugu Usurbilen, aniztasuna eta gardentasuna bermatuz. Etorkizunari begira zimendu garrantzitsuak errotu ditugulakoan gaude. Hori baita gure iparrorratz bakarra, gure izenak eta izanak dioen bezalaxe: herritarrek hitza hartzea.