Usurbilgo Errausketaren Aurkako Taldeak herritarrak mobilizatzera deitu ditu, ostiral honetan, maiatzak 19, 19:00etan Mikel Laboa plazan. Azken asteotako mobilizazio hauek, erraustegiaren eraikitze lanen hasierarekin egokitzeaz gain, maiatzaren 27rako Zubietan antolatzen ari diren Errausketaren Aurkako Egunari begira ere deitzen ari dira.
Dezibelak gorantz
Errausketaren aurkako zarata-dezibelak gehitzen doaz, egunek aurrera egin ahala. Herritarren artean gaia eragiten ari den kezka eta haserrearen adierazle argia da hori. Ikusi besterik ez zegoen pasa den ostiralean frontoi atzeak zuen itxura. Iragan asteko hirugarren mobilizazio zaratatsua egin zuten usurbildarrek, eraikitzen hasi berri diren erraustegiaren aurka.
Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak deitu zuen mobilizazioa Mikel Laboa plazan. Elkarretaratze zaratatsua izan zen, astelehenean leku berean eta asteazkenean Bugatin egin zen bezala. Aste berean antolaturiko hirugarren mobilizazioa izan arren, deialdi hauei erantzuten segitzen diote herritarrek; haur, gazte, heldu edota gurasoek. Maiatzaren 12an ere eskura zituzten soinua eragiteko gailuekin bertaratu ziren herritarrak. Errausketaren aurkako aldarriaren oihartzuna, Mikel Laboa plazatik herri erdigunean zehar barreiatu zuten.
Ostiralean berriz
Amaieran, errausketaren aurkako eta birziklatzearen aldeko banderolak banatu zituzten antolatzaileek, mobilizazioan parte hartu dutenen artean. Esku hutsik geratu ziren. Banderola hauek etxeko balkoi eta leihoetan zintzilikatzeko deia egin dute. Eskuratu ez bazenuen, ostiral honetako elkarretaratzera gerturatu. Maiatzaren 19an ere mobilizatzeko deia egin baitu Errausketaren Aurkako Usurbilgo Taldeak, arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazan. Banderola gehiago eskuratzeko aukera izango da bertan.
Adi beraz datozen deialdiei:
Datozen deialdiak
Maiatzak 19, ostirala
19:00 Elkarretaratze zaratatsuak Mikel Laboa plazan. "Ekarri zarata sortuko duten gailuak; danborrak, txistuak, kazolak… ".
Maiatzak 25, osteguna
18:00 Auto karabana Decathloneko aparkalekutik abiatuta.
Maiatzak 27, larunbata
Egun osoz, Erraustegiren Aurkako Eguna Zubietan. Hitzaldiak, haurrentzako tailer eta jolasak, musika… Tartean herri bazkaria. Txartelak aurrez jarriko dituzte salgai. Arratsaldez, Gipuzkoa Zutik mugimenduak antolaturiko ekimenak.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.