Usurbilgo Udalak, herriko kirol taldeekin elkarlanean haur eta gazteen aisialdiko hezkuntza jardueretan begirale gisa lan egiteko 320 orduko (200 ordu teoria-praktika eta 120 ordu praktika) trebakuntza ikastaroa antolatu du datorren udarako, ekainaren 21etik uztailaren 27ra, 18 urtetik gorako herritarrentzat. Ikastaroa egunerokoa izango da, 8 orduz Potxoenean.
Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, Urtxintxa Elkarteak bideratuko duen ikastaroan, "aisialdiari buruzko soziologia, pedagogia eta psikologia landuko dituzte atal ezberdinetan. Horrez gain, aisialdian egon daitezkeen parte hartze eta heziketa jarduera ezberdinak tratatuko dira. Bukatzeko, arlo teknikoari erreparatuko zaio". Helburua, "hezitzaileek heztekotan dagoen ikaslearen garapen pertsonal eta komunitarioa lortzea" da. Herriko begiraleak trebatu eta Eskola Kirolaren helburu eta baloreen transmisioan lan egitea bultzatu nahi da. Praktikak hain zuzen, "herriko kirol elkarteetan egiteko aukera izango da".
Ohikoa baino merkeagoa izango da matrikulazioa, Usurbilgo Udalak finantzatuko baitu ikastaroa. Izen emateko epea zabalik egongo da maiatzaren 19ra arte, Oiardo Kiroldegian. Plaza kopurua mugatua izango da. Argibide gehiago Kiroldegian bertan edo 943 372 498 telefono zenbakian.
Aisialdiko udako ekimenetarako izen ematea itxita
Udajolaserako, Aginagako eta Zubietako udako txokoetarako eta Ziortzaren udako kanpamendurako izen ematea itxita dago jada. Udajolasekoa maiatzaren 8an itxi genuen, Aginagakoa hilaren 15ean, astelehenean itxi zuten Zubietakoa eta Ziortzakoa maiatzaren 5ean.