EHBildu berria eraikitzeko lan betean da koalizioa. Prozesu eratzaile horren baitako foro irekiak antolatzen dabil Euskal Herri luze eta zabalean. Buruntzaldea mailakoa, astearte honetan egin dute Potxoenean, Maddalen Iriarte eta Haritz Perez koalizio kideekin.
Prozesu eratzailea apirilaren 25ean Donostian eginiko batzarrean abiatu zuen EHBilduk. Prozesu honen bidez, lau alderdiko koalizioa izatetik "alderdi jakin batekin loturarik ez duten pertsonak eta sektore politikoan bilduko dituen subjektu politiko izateko saltoa egitera doa". Etorkizunean, EH Bildu irekiago, parte-hartzaileago eta demokratikoagoa izateko konpromisoa hartu dute koalizioko alderdiek. Prozesu honen ostean, "EH Bilduk bi erreferente izango ditu: alde batetik, koalizioa osatzen dute lau alderdiak eta, bestetik, bilkideak", berri eman dute EHBildutik. Potxoenean egin berri duten aurkezpen foroa iragartzeko kartelean zioten moduan, "EH Bildu, bost urteko ibilbidea egin ondoren, lau indar politikoren koalizioa izatetik, alderdi jakin batekin loturarik ez duten pertsonak eta sektore politikoak bilduko dituen subjektu politiko izateko saltoa egitera doa".
Herri batzarra hilaren 23an
Ekainaren 17ra arte luzatuko da prozesu eratzailea. Egun horretan Lehen Kongresua egingo du koalizioak. Kongresura eramango diren dokumentuak eztabaidatzeko Herri Batzarra deitu du Usurbilgo EHBilduk maiatzaren 23rako, 19:00etan Potxoenean. "EH Bildu nolakoa izango den erabakitzeko aukera izango dugu, EH Bildurekin bat egiten dugun herritar guztiok. Hala, Zuzendaritzako izenak proposatu eta bozkatu ahal izango ditugu eta eztabaidarako dokumentuari ekarpenak egin ahal izango dizkiogu".
Prozesu eratzaile honetan parte hartzeko, kongresua.ehbildu.eus helbidean izena eman beharra dago.