Larunbat arratsaldean Mozal Legearen aurka egiten ari ziren ekintzan, Usurbilgo geltokian trenak harrapatutako ekintzaileari babesa adierazi zioten igande arratsaldean, "Mozal Legeari ez!" aldarripean, Donostiako Bulebarrean egin zuten elkarretaratzean.
Maiatzaren 13an gertaturikoa azaldu zuten bertan. Argiak jaso zuen, albiste honi atxikia duzuen grabaturiko bideoan. Elkartasuna adierazi zioten gazteari eta senideei, "guk ere egingo genukeela" adieraziz. Ekintza sozialen eremuan kokatzen dute udalerri honetan gertaturiko istripua. Donostiatik zetorren trena, Usurbilgo geltokian gelditu eta bi minutuko geldiunea Mozal Legearen aurkako pintaketak egiteko baliatu nahi izan zuten. Tarte horretan, larriki zauritu zen ekintzailea trenbidera atera eta puxika laranja batekin trena geldirik mantentzeko eskatzen aritu zen. Treneko makinistak aldiz ez zuen ikusi gaztea. Trena martxan jarri, ekintzailea harrapatu eta andena amaitu arte eraman zuen arrastaka.
Mozal Legea, indarrean oraindik
Larunbateko ekintza erreibindikatiboaren helburua, "Donostiako Bilbora joaten den trena, Mozal Legearen aurkako mural ibiltarian bihurtzea zen". Mezua ikusgarri egitea, bide guztian, geltokietan eta bidaiarien aurrean. Halako salaketa ekintzak beharrezkoak direla nabarmentzen dute ekintzaileek, guztiz zilegiak direla, gogorarazten dutenez "Mozal Legeak indargabetu gabe segitzen baitu".
Igandeko elkarretaratze berean, Eleak Libre mugimendutik bestalde, azken 20 hilabeteotan 11.000 euskal herritar baino gehiago izan direla zigortuak gogorarazten dute, "gure eskubide zibil eta politikoak 11.000 aldiz bortxatu dituzte", nahiz bai Iruñea zein Gasteizko legebiltzarrak Mozal Legearen aurka agertu izan diren.
Horregatik bi deialdi egin zituzten igandeko Bulebarreko elkarretaratzean. Batetik, "Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari ez diezaiela zigor edo isunik jarri ekintzaileei. Prozedura penal bat ireki dute. Hau bertan behera uztea" eskatzen dute. Bestalde, Euskal Herriko langileriari ekintza sozial hauen aurrean jarrarea proaktiboa izatea eskatzen diote, "salaketa soziala oztopatu beharrean bertan parte har dezaten edo garatzen utz dezaten behintzat. Eskubide zibil eta politikoak guztionak direlako, baita beraienak ere. Eskubide zibil eta politikoen eremuan, elkartasunetik konpromisora pasatzeko garaia da".