LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek astearte honetarako Hezkuntza Publikoan deitu duten grebarekin bat egin dute Zubieta eta Aginagako Eskolek. Jarraipena erabatekoa izaten ari da, bi ikastetxeotako ikasgelak hutsik dira gaur. Ikasleak klaserik gabe eta langileak greban. Oro har, %80ko babesa izan du deialdiak. Urte honetan egin duten bigarren lan uzte eguna dute gaurkoa. Martxoaren 22an egin zuten lehen greba deialdiak jarraipen zabala izan ostean dator astearte honetako lan uztea.
Larunbaterako ere, maiatzak 20, sindikatuek manifestazio bana deitu dute 12:00etan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Gipuzkoako hiriburukoa, Alderdi Ederretik, Hernani kaletik abiatuko da. Datorren astearterako, maiatzaren 23rako berriz ere greba eguna deitua dago.
Murrizketen aurka, lan baldintza hobeagoen alde
Sindikatuen esanetan, hezkuntza publikoaren egoera larria da eta egoera hau irauli beharra dago. Azken urteotako murrizketen ondorioei aurre egiteko neurriak hartu, hezkuntzara baliabide gehiago bideratu eta langileen lan-baldintzak hobetzea eskatzen ari dira kalean, mobilizazioon bidez. Sindikatuen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez baitu orain arte benetako negoziazio borondaterik agertu.
Hezkuntza publikoaren egoera hobetzeko aldeko "oinarri-oinarrizko neurriak eskatzen ditugu. Proposatzen dugun hezkuntza sistema berri horren bidean nahitaezkoa deritzogu berdintasun eta kalitatezko hezkuntza eskubidea bermatzeko neurri eta baliabide nahikoa izatea eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea irakasleen artean, Hezkuntza Berezian, Sukalde eta Garbiketan eta Haurreskoletan. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko neurri zehatzak ezartzea exijitzen dizkiogu Eusko Jaurlaritza eta Haurreskolak Partzuergoari". Neurriok hain zuzen:
-Hezkuntza inbertsioa handitzea, gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz.
-EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan.
-Bataz-beste ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztu behar da, 6.000 lanpostutik gora egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
-Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.
-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.
-Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.
-Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.
-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.
-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.