Nork bere buruari jarritako erronkak betetzeko oztoporik ez dagoela argi utzi du bizitza osoan. Eta orain baita oholtza gainean ere. Telmo Irureta zumaiarraz ari gara. Alex Tello usurbildarrarekin landutako "Jendartean bidaide" antzezlanean ikusi genuen Sutegin, 2015eko Kilometroak jaialdiaren atarian. Gaur bueltan izan dugu, haurrentzako antzezlan batekin. Donostia 2016ren barruan, Amaia Ruiz de Galarreta aktorearekin batera idatzitako "Telmoren abenturak" izeneko saioarekin.
"Imajinatu zure burua puzzle bat dela. Imajinatu pieza batzuk puskatzen zaizkizula. Imajinatu ezberdina zarela. Imajinatu". Horretara gonbidatu dituzte Telmok eta Amaiak, gaur udal liburutegira gerturatu diren Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleei.
Telmok 2 urte zituenean garuneko paralisia diagnostikatu zioten. Ordutik izandako bizipenak azaldu ditu saioan zehar. Emanaldiok naturaltasun eta gertutasunez jorratzen ditu, Telmoren eskolako esperientziak, bere zaletasunak, hainbat egoeretan sentitu duena... Sutegira bertaratuko publikoa segituan bereganatu dute Telmok eta Amaiak.
Muxurbilgo ikasturte amaierako emanaldia
Antzerki Taldeko kideak lantzen aritu diren ikasturte amaierako emanaldia, maiatzaren 27an 12:00etan Sutegiko auditorioan plazaratuko dute. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da.
Clown saioa, ludotekan
"Portaera egokia hondartzan" izeneko clown saioa antolatu du Bihurri Ludotekak maiatzaren 26rako, 17:30etan ludotekan bertan. "Jarduera honen helburua, 3-4-5 urteko umeei beren eta gainerako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko hondartzan izan behar duten portaera zuzena transmititzea da, beti ingurumenaren babesa bermatuko duten portaerak izango direlarik".
Udaberri Festa Zubietan
Zubietako Eskolako guraso elkarteak antolatuta, datorrena ospakizun astea izango dute Zubietan:
Maiatzak 23, asteartea
16:30 Eskolako haurren marrazki erakusketa.
17:00 Ipuin kontaketa.
18:00 Globo gerra eta apar festa.
Maiatzak 24, asteazkena
17:00 Eskulanak: txapak, gatza potoak, karetak, aurpegiak pintatzea, kafe kapsulekin eskulanak (koilareak, brotxeak, diademak), papiroflexia...
19:00 Buruhandiak.
Maiatzak 25, osteguna
16:30 Merendola.
17:00 Puzgarriak eta trebetasun frogak.
Maiatzak 26, ostirala
17:30 Zubieta antzerki taldeko ikuskizuna.
18:00 Buruhandiak eta maskuri zozketa.
19:30 Afari-merienda.
Ondoren, disko festa eta euskal dantzak.
Antolatzailea: Zubietako eskola txikiko guraso elkartea.