Eguneko Zentrorako plaza gehiago eskatu dizkio Udalak Foru Aldundiari

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 16a, 13:29

Adineko herritarrak biltzen dituen Puntapax Eguneko Zentroko erabiltzaileen kopurua gorantz doa. Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, hilabete honetan sei lagun gehiago biltzen dira Kalezarko gunean. "'Sendia' programaren bitartez, Eguneko Zentroan plaza izateko eskaera egina duten sei pertsonek aukera izango dute hilabetean bi asteburu eta jai egunetan joateko", adierazi dute. Berrikuntza gehiago ere izan da. "Eguneko Zentrora bertaratzeko furgoneta berri bat baitago. Auto berria DYAk jarri du", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.

Une honetan, 18 lagun biltzen ditu Eguneko Zentroak astelehenetik ostiralera, eta sei asteburuetan. Larunbat, igande eta jai egunetako plaza kopurua igotzea eskatu dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, "asteburuetan beste sei plaza gehiago izateko, eta momentu honetan erantzunaren zain dago".