Euskara ez dago aurreko urteetan bezain presente kalean, ezta gure ahotan ere. Hala diote Soziolinguistika Klusterrak aurreko udazkenean Usurbilen egin eta plazaratu berri diren euskararen kale erabileraren azterketako emaitzek. %54koa da euskararen kaleko erabilera udalerri honetan. 2011n egin zuten aurreko neurketan %61,9koa zen. 8 puntu egin du behera honenbestez, euskararen kaleko erabilerak.
Auzoka, beherakada nagusia, bereziki Zubietan eta Olarrondon erregistratu da. Baina bada pozteko moduko daturik ere. Balantzaren beste aldean, hor dugu Aginagako ehunekoa; euskararen kale erabilera %90ekoa da bertan. Eta Kaxkoan, bi puntu egin du gorantz baita, %73raino. Datu baikor gehiago; haur eta gazteenak dira euskara ahotan gehien darabiltenak. Gazteen artean gorantz egin du gainera. Poztekoa beraz.
Haurren presentziak helduen arteko elkarrizketen hizkuntzan eragiten ote duen ere aztertu dute. Eta bai, baldintzatzen du. Haurrak daudenean euskara presenteago dago helduen ahotan. Haurrik ez badago, %65,7tik %43,1era murrizten da euskararen kaleko erabilera.
Datuak eskuragarri
Usurbildik kanpora begira jartzen bagara, udalerri honetako kale erabileraren bataz bestekoak, Gipuzkoako edota Euskal Herrikoaren gainetik egoten segitzen du. Euskal Herria aipatu dugula, 100 bat udalerrietan egin dituzte antzeko neurketak. Euskal Herri mailako bildutako emaitzok ekaina aldera ezagutzera ematekoak dira. Soziolinguistika Klusterreko teknikari Olatz Altuna usurbildarrak, apirilaren 27an Potxoenean egin zuen Usurbilgo azterketen aurkezpenean iragarri zuenez, “seguru, emango dute zeresana”.
Udalerri honi dagokion datu bilduma jada, usurbil.eus atarian duzue eskuragarri. Emailez jasotzea ere eska dezakezue Udalak Potxoenean duen Euskara Sailean (943 371 999 edo euskara@usurbil.eus)
Hitanoari buruzko lehen neurketa
Proba moduan, oraingoan lehen aldiz hitanoaren kale erabilera ere neurtu du Soziolinguistika Klusterrak. Azpeitian eta Usurbilen egin dituzte neurketok, proba moduan. Ez da lan erraza izan. Batetik, aditzen bat zuten elkarrizketak behatu behar izan dituzte, eta ohi baino denbora gehiago eskaini behar izan diote lanketa honi.
Estreinakoz eginiko neurketa honetatik jakin ahal izan dutenez, hitanoaren erabilera orokorra %28,1ekoa da. Bizien gazteen artean dago (%67,3), baita adinekoen artean ere (%51,3). Euskararen kale erabileraren neurketan, sexuaren araberako ehunekoetan aipatzeko moduko alderik ez dagoen arren, kasu honetan bestelako emaitzak bildu dituzte. Hitanoaren aldaeretako bat, tokaren kaleko erabilera %63,9koa da, nokarena aldiz %11,1ekoa.
Neurketak entzunez, galdetu gabe
Euskararen eta hitanoaren kale erabilerari loturiko azterketok bost guneetan egin zituzten lau lagunek, iazko udazkenean; erdigunean, Zubietan, Santuenean, Aginagan eta Olarriondon. Egun eta ordutegi zehatz batzuetan, aurrez diseinatua zuten ibilbide bat osatu zuten bost zonaldeotan barrena. Ibilbideotan topatu zuten jendearen elkarrizketen hizkuntza izan zen aztertu zutena. Baita hizlariak ere; ia gizonezkoak edo emakumezkoak ziren, ahotan zer hizkuntza zerabilten, haien adin tartea, edota inguruan haurrik ba ote zen ere aztertu zuten. Ez zen behatu hitz egiten ari ziren pertsona hauen jatorria; alegia bertakoa, auzokoa, udalerrikoa edo kanpokoa zen.
Neurketok diskrezioz egin ohi dituzte, hitz egiten ari direnak jabetu gabe. Kaleko hizkuntzen erabilera entzunez egiten dute datu bilketa, behatua den pertsonari ez zaio inolako galdeketarik egiten.
Datu bilduma: usurbil.eus