Usurbil jaietan murgiltzeko hilabete eta erdi baino ez da falta jada. Festei begirako hainbat deialdi egin dira. Gogoan izan, txupinazorako hautagaiak proposatu eta egitaraua diseinatzeko lanak aurkezteko maiatzaren 22ra arteko epea dagoela. Hiru egun beranduagorako deitu du Jai Batzordeak, azken txanpan diren festen antolaketa lanei begirako bilera Potxoenean. Eta danborradako entsegu saioak ere abiatzear dira. Hona hemen, deialdi guztion inguruko xehetasunak:
Danborradako entseguak
Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten ere danborrada ospatuko da Usurbilgo jaietan. Uztailaren lehen egunean izango da, larunbatez honenbestez, 19:00-21:30 artean irtengo dira kalejiran. Danborrada prestatzeko entseguak ekainaren 14an abiatuko dituzte. Egun horretatik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiralero bilduko dira danborradan parte hartu nahi duten herritarrak, 20:00-21:00 artean Udarregi Ikastolako frontoian egingo dituzten entsegu saioetan.
Jai Batzordearen bilera, maiatzaren 25ean
Prestaketa lanak aurreratuak ditu Jai Batzordeak. Egitaraua lotu antzera dutela berri eman diote NOAUA!ri. Oraindik halere, antolaketa lanak borobiltzeko berriz biltzekoa da Jai Batzordea; oraingoan maiatzaren 25ean 18:00etan Potxoenean. Eragile zein herritarrak daude deituak hitzordu honetara.
Txupinazorako hautagaiak proposatzeko aukera
Ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo festak nork abiatuko dituen herritarrek erabakiko dute aurten ere. Jaiak abiatzeko txupinazoa nork jaurtitzea nahi duzuen proposa dezakezue jada, Jai Batzordeak eta Usurbilgo Udalak maiatzaren 22ra arte zabaldu duten epearen baitan. Bi bideetatik egin ditzakezue ekarpenak; proposamenak kultura@usurbil.eus helbidera emailez helarazita edo bestela, papertxo batean idatzi eta Oiardo Kiroldegian, Sutegi udal liburutegian eta Potxoenean aurkituko dituzuen kaxetan sartuta.
Egitaraua diseinatzeko lehia abian
Usurbilgo jaien egitaraurako diseinu lana hautatzeko lehiaketa antolatu dute aurten ere, Usurbilgo Udalak eta Jai Batzordeak. Lanak aurkezteko epea ere zabalik dago jada, maiatzaren 22ra arte.
Jai Batzordeko eta diseinu arloan ezagutza duten bina kideek eta kultura zinegotziak osatuko duten epaimahaiak hautatutako txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza jaiak hasi aurreko egunetan herritar guztien eskutara helduko da. Zuen diseinu lana sortzen hasteko lehen pausoa Potxoeneara gerturatzea izango da. Egitarauko testua eta oinarriak bertan jaso behar dira. Bestela, eskatu emailez, kultura@usurbil.eus helbidera idatzita. Testu horretan oinarritu beharko da diseinu lana. Gainerakoan, ezaugarriok izan beharko ditu:
-Lanaren neurria librea izango da.
-Egitarauak irakurterraza izan beharko du. Euskaraz argitaratuko da. “Lehiaketa irabazten duenak gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du lehiaketa irabazi ondoren”.
-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.
-Lan irabazlea aukeratzerakoan, epaimahaiak kontuan izango du lana inprimatzeak izango duen kostua. Inprimaketa kostuak, beti ere, bat etorri behar du udalak aurreikusita duen aurrekontuarekin. Gehiegizko gastua lana baztertzeko arrazoia izan liteke.
Lehiaketari begirako araudi orokorra:
-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da.
-Lana originala, aurrez beste lehiaketetan parte hartu eta argitaratu gabea izango da.
-Norbanako edo taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.
-Nahi adina lan aurkez daitezke.
-Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da.
-Saria eman gabe gera daiteke, aurkeztutako lanek behar beste kalitaterik ez badute.
-Lanaren jatorrizko diseinuak inprimatzerakoan, aldaketaren bat izan lezake. Irabazleak, egitarauko azken aldaketak egin beharko ditu inprentara eraman aurretik.
-Hautatutako diseinuaren egileak Usurbilgo Udalari lagatzen dizkio ustiapen eskubideak.
-Lehiaketara aurkeztutako lanekin Udalak erakusketa bat egin lezake.
-Lehiaketan parte hartzeak ezinbestean dakar oinarri hauek onartzea.
Lanen aurkezpena
Lanak maiatzaren 22a baino lehen helarazi behar dira Usurbilgo Udaleko erregistrora, edo postaz bidali helbide honetara:
Usurbilgo Udala
Kultura Saila
Jose Martin Sagardia Plaza z.g.
20170 Usurbil
Proposamen bakoitzeko, bi kartazal aurkeztuko dira, –A eta B –, eta hauen kanpoaldean, ondoko datuok jasoko dira:
- Egilearen izengoitia.
- A edo B kartazala den (kasuaren arabera).
- Santixabel egitarauaren lehiaketa.
A kartazala: aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo elkartearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu. B kartazalean: proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean.
Kartazaletan eta B kartazaleko dokumentazioan izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da.
Proposamenak postaz bidaltzen direnean, posta-bulegoan bidaltzen deneko data justifikatu beharko da, eta egun berean e-maila bat bidaliko da udalari kultura@usurbil.eus helbidera.
Argibide gehiagorako: 943 371 999 edo kultura@usurbil.eus