Zubietako erraustegia eraikitzen hasi zirenetik astea bete den egun honetan hedabideen aurrera agertu da Errausketaren Aurkako Mugimendua Donostiako Udalean. Maiatzerako bi ekintza berri iragarri dituzte. Hilaren 25ean, 18:00etan Decathloneko aparkalekutik abiatu eta eskualdea zeharkatuko duen "Barraskilo Operazioa" izeneko kotxe karabana. Eta maiatzaren 27rako berriz, Erraustegiaren Aurkako Eguna Zubietan.
Gogorarazi dutenez 2011n hasi zituzten eraikitze lanak, nahiz gerora, Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira heldu eta lanak geratu zituen. Aipatu moduan, bigarrenez abiatu dira eraikitze lanak Zubietan eta garai berri hau ez dute orain arteko bidearen amaiera gisa ikusten, erraustegia berriz geratzeko aukeratzat jotzen dute. Horregatik mezu bikoitza helarazi nahi izan dute. Lehenengo mezua gipuzkoarrei. "Ez etsi! Ez onartu erraustegi kriminal hau!". Diotenez, "PNV eta PSOEko agintariek jendea engainatzeaz gain, errausketaren egiak ezkutatzeaz gain, herritarrok nazkatuta etsitzea nahi dute".
Bigarren mezua hedabideei zuzendu nahi izan diete. "Kontatu egia errausketaz eta hondakinen kudeaketari buruz. Zabaldu informazio eta eztabaidarako gune zabal eta libreak. Ez onartu hedabide handien eta agintarien agindu bidegabeak".
"Zein eskubide daukagu gaizki egiteko ondo egin daitekeena?
2011n eraikitze lanak lehen aldiz hasi zituztenean bezala, orain ere, sei urte beranduago milaka gipuzkoar errausketari ezetz esaten ari zaiela gogorarazi dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik, "txarra delako osasunarentzako, ingurumenarentzako, ekonomiarentzako eta enpleguarentzako". Gaineratu dutenez, sei urteotan Gipuzkoan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira hondakinen kudeaketan; "Gipuzkoa osoan zabaldu da hondakinentzako kudeaketa sistema hobea, merkeagoa, enplegu gehiago sortzen duena, garbiagoa".
Horren adibide moduan jarri dute, usurbildar eta donostiar batek urtean sortzen duten erreus kopuruaren artean dagoen aldea. Usurbildar batek 60 kilo erreus sortzen ditu urtean, donostiar batek usurbildarraren laukoitza baino gehiago, 281 kilo urtean. "Zein eskubide daukagu gaizki egiteko ondo egin daitekeena? Zein eskubide daukagu gure zabarkeriagatik auzoa kutsatu eta hondatzeko? Kutsatzeko eskubiderik ez dauka inork, ez ibaia, ez ondokoa tabakoarekin, ez Afrikako herritarra gure pozoiak bidaliz eta ez donostiarrek Zubietako jendea kaltetuz. Injustizia hau ezin da onartu".
Gipuzkoa jorratzen ari den bidearen aurrean eta milaka gipuzkoarrek erraustegiaren aurkako jarrera argia erakutsi arren, Errausketaren Aurkako Mugimendutik salatu dutenez, Gipuzkoako agintariek "ez dute entzun nahi, ez orduan eta ez orain". Salatu dutenez, "agintariak tematu dira zerbitzu publikoen kontrata pribatu handiei milioi askoko oparia egiten. 2011n milioi askoko zorra egin zioten Gipuzkoari SWAP madarikatu haiekin, 2017an 35 urterako hipotekatu gaituzte 1.000 milioitik gorako alferrikako gastuetan".