Maiatzaren 7an Zubietan eta Usurbilen ospaturiko herri galdeketen ostean, erabakitze eskubidearen aldeko hitzordu berri bat dugu ate joka. Nazio mailakoa, ekainaren 10ean, arratsaldeko 17:30etan Bilboko Euskadi Plazatik Eliptika Plazara ospatuko dena. Bi guneon artean, galdera ikur erraldoi bat irudikatu nahi da euskal herritarron laguntzaz. Amaieran gainera, Gure Esku Dago mugimenduak azken hilabeteotan landutako Herritarron Ituna aurkeztuko du. Itunak Euskal Herrian erabakitze eskubidearen alde orain arte lortutako adostasun eta oinarriak biltzen ditu. "Gizarte osoarentzako tresna ireki bat izateko jaio da, baita pauso berri eta sendo bat emateko ere, erabakiaren bidean. Ekainaren 10ekoa, beraz, ez da hutsetik jaiotako ekimena; orain arte egindako lana oinarri, aurrera egiteko abiapuntua izango da", iragarri dute Herritzartu Elkartetik.
Izen emate mahaia
Bilboko hitzorduan parte hartzeko konpromiso txartela eskuratu beharko da aldez aurretik. Txartelarekin batera, mobilizazioan erabili beharko den puxika bat ere bai. Guztia, 2 eurotan, Gure Esku Dagoren Usurbilgo lan taldeak, asteotan Sutegi inguruan jarriko duen izen emate mahaian jaso ahalko da. Bildutako dirua, antolaketa gastuetara bideratuko da. "Animatu eta parte hartu!", luzatu dute gonbita Usurbilgo Gure Esku Dagoren lan taldetik, NOAUA!ra helarazi duten idatzian.
Adierazpen berean, maiatzaren 7an ospatu zen galdeketari buruzko balorazioa ere plazaratu du taldeak. "Zorionak Usurbil! Maiatzaren 7ko herri galdeketa urrats handia izan da gure Erabakitzeko Eskubidearen aldarrikapenean", adierazi dute. Herritzarturen balorazioa osorik, esteka honetan irakur dezakezue:
Informazio gehiago:
usurbilgureeskudago@gmail.com
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU