Aizpurua Autobusak lantegiko kideek abiatuko dute 36. Sagardo Eguna

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 19a, 10:53

Zenbat eta zenbat usurbildar garraiatu ote dituzte 50 urteotan. Aizpuruatarren autobusetara igo ez den herritar gutxi izango da honez gero. Ezaguna dugu lantegia Usurbilen eta hemendik kanpo. Hurbilekoak langileak ere, usurbildarrak. Mende erdia igaro dute, haien nortasun zigiluari eusten; bezeroak mimatu eta Usurbilen bizi eta lan eginez, gertuko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzen. Horregatik, 50. urtemuga honetan, poztasun eta ohore handiz jaso dute herritik bertatik, Sagardo Egunaren Lagunen eskutik jaso duten gonbita; igande honetako 36. Sagardo Egunari hasiera ematekoa. Maiatzaren 21ean frontoiko oholtza gainean ikusiko dugun Aizpurua sendiko bi kiderekin bildu gara: Ana eta Edurnerekin.

Nola jaso duzue Sagardo Eguneko Lagunen gonbita?

Ana Aizpurua: Hasieran harritu gintuen, orain arte beti herrigintzan aritu diren bolondresak omendu direlako. Baina oso pozik eta ohore handia da guretzat, Sagardo Eguneko lagun asko mugitu izan baititugu haurrak zirenetik. Beraiek gure historiaren zatitxoa dira eta haiek ere sentitzen dute Aizpurua Autobusak ere badela haien bizitzako zatitxo bat ere.

Hitza hartzeko aukera izango duzue Sagardo Egunean. Zer esan edo zeini eskaini nahi zeniokete hasiera ekitaldia?

A.A.: Ilusioz eta pozez biziko dugu. Omenaldi hori sentitu eta esker onez eta pozez jasotzen dugu.

E.A.: Ohore handiena halako omenaldi bat herrian bertan izatea da.

Nola biziko duzue eguna?

E.A.: Duela urte askotik lagun koadrila handi bat biltzen gara Mahaspildegi Elkartean bazkaritan. Tartean, Getariako lagun batzuekin.

A.A.: Getariarrekin senidetuak gaude. Haiek Txakolinaren Egunera gonbidatzen gaituzte eta guk Sagardo Egunera.

36 edizio bete ditu Sagardo Egunak. Nola ikusten duzue?

A.A.: Herriko ekintza potenteena da. Egun handia da Usurbil eta usurbildarrentzat. Jende asko etorri ohi da. Hemen industrialdea kotxez gainezka jartzen zaigu. Urteren batean, ustekabean gure garajetik autobusak atera ezinik ere geratu izan dira.

E.A.: Kanpoko jendeak gainera, gure enpresa Usurbilgo herriarekin eta sagardoarekin lotzen du. Usurbil esaten duzunean kanpokoen artean, Usurbil sagardoaren herri gisa errekonozitzen dute.

A.A.: Gu ere irudi hori bezeroen artean helarazten saiatzen gara.

Amaitu berri den txotx denboraldian, sagardotegietarako joateko ohitura eraldatzen ari omen da. Zuek nabari al duzue?

A.A.: Gustura egiten dugun lana da. Lehen jendea multzo handietan etortzen zen, euskaltegiak, auzolagun elkarteak, kultur elkarteak… Orain koadrilak txikiagoak dira. Jende masa kanpokoa da, hemengoak oso talde txikiak. Gaur egun, gauez joan ordez sagardotegietarako egun pasa gehiago egiten da orain.

https://youtu.be/0jFaJYCf-Dw

“Dedikazio handiz eginiko lan oso aberasgarria da”

50 urte bete ditu zuen lantegiak. Urtemuga gozoa izaten ari al da?

E.A.: Oso gozoa. Urtemugako ospakizunak lantzen hasten zarenean, zurekiko zer nolako jarrera izango duen zalantzak izaten dira. Baina ezuste handia izan dugu, jende asko etorri da, lagun eta bezero asko. Horrek asko asebete gaitu.

A.A.: Urtarrilean autobus berriak bezeroei barrutik ezagutzeko aurkezteko ospatu genuen ekitaldia oso polita izan zen. Otsailean lan taldeak ospatu genuen. Urtean zehar ekintza desberdinak egiteko asmoa dugu.

Behin eta berriz azpimarratu duzue, urtemuga bezeroei eskaini nahi diozuela.

E.A.: Gure motorrik garrantzitsuena bezeroak dira.

A.A.: Urtero lan aukera desberdin asko sortzen zaizkigu eta horiek asko zaindu behar ditugu. Eskaintzen dugun zerbitzua, dedikazio handiz eginiko lan oso aberasgarria da.

Askorentzat zaila izan ohi da lana eta familia bateragarri egitea. Zuek lantokian uztartzen dituzue biak.

E.A.: Erraza da bateragarri egitea, egun osoa hemen igarotzen dugu familia artean. Lehen ere hala izaten zen gurasoekin. Hemen bizi eta lan egiten genuen.

A.A.: Lana eta familia ondo uztartzen saiatu gara, heziketa kontua izan baita. Hezi gintuzten eran oso erraza izan zaigu ulertzea zer den garrantzitsua eta zer ez. Ondo konpondu gara. Enpresa bat da hau, baina filosofia zeharo landatarra da.

E.A.: “Asteasuko Unibertsitateko” filosofia eraman dugu bizitza guztian aurrera: elkar lagundu, ezetzaren aurretik baiezkoa ahoan…

E.A.: Lana zertaraino den lana eta lana bukatutakoan bizitzaz gozatzeko aukera izatea elkarren ondoan. Gure gurasoek hori erakutsi ziguten.

Duela 50 urteko apustuak merezi izan zuen?

A.A.: Sekula ez da jakiten, baina asmatu genuen, bertan bizi eta lan eginda. Usurbila etorri ginenean, Usurbilgo hazkundea industrialde honekin hasi zen, lehen eraikinak izan ziren, eta horretaz oso harro gaude.

Edurne Aizpurua: Zortea izan genuen garai hartan, Donostiatik hain gertu, garajea egin eta erosteko hain toki ederra izateagatik.

Zenbat kilometro egin ote dituzue 50 urteotan munduan barrena?

A.A.: Lehen gehiago ibiltzen ginen munduan barrena, orain gertuago.

"Autobusetan ez gara agian bereiziko baina bai zerbitzuan eta hori bezeroak antzematen du"

Ibilgailu partikularren erabileraren areagotzeak nola eragin du zuen jardunean?

A.A.: Lehen trenez nahiz autobusez, batera ibiltzeko joera handiagoa zegoen. Orain norberak erabaki nahi izaten du noiz eta nola.

E.A.: Aldaketa handia egon da.

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

A.A.: Euskal Herria modan dago. Gure ohiko lanez gain, turismo arloan dugu erronka eta enpresa eta negozioen munduan. Euskal Herriko enpresak ere modan baitaude. Jende asko dator zer eta nola ekoizten den ezagutzera eta hemengo jende asko mugitzen da kanpora baita.

Sektore barruan, zertan bereizten da zuen lantegia?

A.A.: Autobusetan ez gara agian bereiziko baina bai zerbitzuan eta hori bezeroak antzematen du. Guretzat bezero denak dira garrantzitsuak. Bezero guztiak onenak balira bezala tratatzen ditugu. 50 urteotan apropos propio zaindu ditugu. Usurbildarrek etxe ondoan, garraio enpresa sendoa, onena dute.

Familiako hirugarren belaunaldia lanean da jada. Etorkizunik badu beraz lantegiak?

A.A.: Dedikazioa eskatuko dien lan gehigarriak izango dituztela jakinik, bi neskarengan erreleboa aurkitzea txalogarria da. Ausartak eta oso onak dira. Gustura ari dira eta ia errelebo hori ahalbidetzen dugun.

https://youtu.be/pC4NrQd30sI