Botatzaileak, Sagardo Egunak ezinbestean behar dituen boluntarioak

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 19a, 08:40

Nork esango zion lehen aldiz Sagardo Egunean botatzaile gisa parte hartu eta botatzaile onenaren txapela irabaziko zuenik. Ezuste handia izan zen iazko Sagardo Egunean bizi izandakoa, Olatz Arregi Irureta usurbildarrarentzat. Botatzaile onenaren txapela jantzita amaitu zuen, berak egoki dioen moduan, “usurbildarrontzat sakratua” den eguna. Esperientzia errepikatzera doa aurten. Igande honetan, sagardo postuetako baten atzean ikusiko dugu edari preziatua zerbitzatzen. Beste hainbat usurbildar boluntarioren antzera. Ezinbestekoak dira guztion laguntza, jaialdia aurreikusi bezala ospatu ahal izan dadin. Iazko sagardo botatzaile txapeldunarekin bildu da NOAUA!, 36. Sagardo Egunaren bezperatan.

Noiztik sagardo botatzaile?

Olatz Arregi Irureta: Behin hasi ginen Aitzagan urarekin botatzen proba moduan. Koadrilan hitz egin genuen iaz, ia aterako ote ginen Sagardo Egunean. Lehenengo aldiz, ilusio handiz proba moduan animatu ginen. Oso ondo pasa genuen. 

Ustekabean, oholtza gainean sagardoa botatzen eta txapeldun amaitu zenuen iaz. Nola gertatu zen?

Sagardo Eguneko antolatzaileek bi lagun hautatzen dituzte. Inor jabetu gabe, postuz postu behatzen doaz botatzaileak. Hiru lagun hautatu eta frontoiko oholtza gainera, sagardoa jendaurrean botatzera igotzeko eskatzen dute. Iaz nahiko ondo moldatu nintzen sagardoa botatzen baina ezustean harrapatu ninduten. Konturatzerako oholtza gainean nintzen. Denak begira eta errespetua ematen du. Bi mutil eta neska bakarra nintzen. Sarituen izenak esaten hasi, eta nirea azkena. Txapela, sagardo kaxa bat eta Idiazabalgo gazta eder askoa irabazi nituen. Oso pozik, senideak ere hunkituta etorri zitzaizkidan.

Egun borobila beraz?

Gero handik ospatzera joan ginen.

Sagardo Eguna, nola bizitzen da zerbitzarien mahaitik?

Antzekoa da eguna. Botatzaileok, herrikoak izanik, ondokoekin hitz egiten eta elkar laguntzen oso ondo pasatzen dugu. Giro polita egoten da barruan. Iaz Askatasuna plazan egon ginen. Euria ari zuen eta aterpean lekua hartu ahal izan genuen.

Aurtengoari begira entrenatzen hasia zara?

Keba. Momentuan joan eta ateratzen den bezala arituko naiz. Hau esan eta gero agian, Sagardo Egunaren bezperatan Aitzagan entrenatzen ikusiko gaituzte.

Taldetxoa osatu duzue?

Horretan ari gara. Lagunak animatzen ari naiz. Nik behintzat botatzaile bezala parte hartuko dut. Neska gutxi egoten gara. Neskak ere animatu nahi nituzte sagardoa botatzera, giro ederra izaten da. Akaso norbaitek txapela ere eramango du. Animatu!

Zer egin behar da botatzaile gisa parte hartzeko?

Sagardo Egunean bertan, goizeko lehen orduan agertzea nahikoa da. Postuak prestatzen, sagardoak bere lekuan jartzen lagundu behar da. Eta gero lekua hartu behar izaten da.

Auzolanik gabe, Sagardo Egunik ez

Sagardo Eguna, bere 36. edizioan. Bizirik ikusten duzu?

Ederki ikusten dut. Xarma handia du. Oso ondo dago antolatuta gainera. Antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet, lan asko egiten baitute. Haiengatik izango ez balitz, Sagardo Eguna ospatzerik ez genuke izango.

Botatzailerik gabe ere ez genuke Sagardo Egunik.

Bai, denon parte hartzea ezinbestekoa da, bestela ez zen posible izango noski. Botatzailearen figura garrantzitsua da, baita sagardoa ondo zerbitzatzea ere.

Sagardoa zerbitzatzeko teknika berezirik baduzu?

Egia esan ez, berez barrutik sortzen zaidan moduan botatzen dut.

Zer moduzkoa da botatzaile eta sagardo edaleen arteko hartuemana?

Ondo, batzuetan begira geratzen zaizkizu nola botatzen duzun.

Zer plan duzu igandean?

Goizean sagardoa bota, giroan murgildu, bazkaldu eta festara!

Astelehena jai al duzu?

Goizean behintzat jai egingo dut. Sagardo Eguna aprobetxatu beharra dago, sakratua da usurbildarrontzat.

Sagardo zalea zara?

Bai. Asko gustatzen zait.

Zure ustez, sagardo on batek nolakoa behar du?

Neure erara badakit zer dudan gustuko eta zer ez. Sagardoaren zaporea nabaritzea gustatzen zait, eta puntu bizi hori izatea. Bizigarri hori ez badu, zerbait falta duela iruditzen zait.