Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoen eskubideen aldeko giza-katea egin da eguerdian, Mikel Laboa plazako txosna gunetik abiatu eta Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazaraino. Bertan, topa egin dute sagardoaren laguntzaz. Mobilizazio honen bidez aditzera eman dutenez, "Olatz eta Patxi, eta aurten ere Xua beren alabatxoa, festara ekarri nahi ditugu maite ditugula eta lehenbailehen gure artean izan nahi ditugula adierazteko. Horregatik, ziega ilun haietara gure alaitasuna bidaliko diegu hirurei eta orohar preso guztiei eta txotx berezi bat egingo dugu, ohi bezala, denak oroituz".
Asteotarako bi deialdietan parte hartzeko gonbita ere luzatu dute:
Maiatzak 26, ostirala
20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Bertan elkartu eta Sutegira joango dira bideo bat ikustera. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
Ekainak 16, ostirala
Manifestazioa Donostian, Sarek antolatuta. "Mobilizazio horrekin, behingoz presoen auziari heldu eta konponbidea gauzatze bidean jartzeko kanpaina indartsu baten hasiera izango da".