Gaurko greba eguna ere erabateko jarraipena izaten ari da Aginagako eta Zubietako Eskoletan

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 23a, 11:17

Maiatzaren 16an bezala, astearte honetarako ere, greba eguna deitua dago unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Aginagako eta Zubietako Eskoletan, duela astebete bezala, erabatekoa izaten ari da jarraipena. Ikasgelak hutsik aurkitu ditugu gaur goizean, eskolak gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira, aurreko asteartean gertatu moduan. Eguerdirako manifestazioak deituak dituzte LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Murrizketak aplikatzeari utzi, hezkuntzara inbertsio handiagoa bideratu eta langileen lan baldintzak hobetzea eskatuko dute.

Murrizketen aurka, lan baldintza hobeagoen alde

Sindikatuen esanetan, hezkuntza publikoaren egoera larria da eta egoera hau irauli beharra dago. Azken urteotako murrizketen ondorioei aurre egiteko neurriak hartu, hezkuntzara baliabide gehiago bideratu eta langileen lan-baldintzak hobetzea eskatzen ari dira kalean, mobilizazioon bidez. Sindikatuen esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez baitu orain arte benetako negoziazio borondaterik agertu.

Hezkuntza publikoaren egoera hobetzeko aldeko "oinarri-oinarrizko neurriak eskatzen ditugu. Proposatzen dugun hezkuntza sistema berri horren bidean nahitaezkoa deritzogu berdintasun eta kalitatezko hezkuntza eskubidea bermatzeko neurri eta baliabide nahikoa izatea eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea irakasleen artean, Hezkuntza Berezian, Sukalde eta Garbiketan eta Haurreskoletan. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko neurri zehatzak ezartzea exijitzen dizkiogu Eusko Jaurlaritza eta Haurreskolak Partzuergoari". Neurriok hain zuzen:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea, gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz.

-EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan.

-Bataz-beste ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztu behar da, 6.000 lanpostutik gora egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.

-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.

-Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.

-Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.

-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Aginagako Eskola

Zubietako Eskola