EHBilduren prozesu eratzaileari begirako batzarra 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 23a, 10:39

Koalizioak abian duen prozesu eratzailearen baitan, Usurbilgo EHBilduk gai honen inguruko herri batzarra deitu du astearte honetarako, maiatzak 23, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. Duela astebete gai honi buruzko aurkezpen foroa ospatu zuten Potxoenean, Maddalen Iriarte eta Haritz Perez koalizio kideekin. Xehetasun gehiago hemen dituzue, deitzaileek aurreko aldizkarira helarazi zuten gutunean:

EH Bilduren herri batzarra

EH Bilduk aro berrira eramango duen prozesu eratzailea abiatu du. EH Bildu irekiago, parte-hartzaileago eta demokratikoagoa izateko konpromisoa hartu dute osatzen duten alderdiak. Bertako partaideok, alderdiez haratagoko subjektu politiko propioa osatzeko helburua adierazi dugu.

Prozesu eratzailea, ekainaren 17an egingo den Kongresuarekin amaituko da. Aurretik, Kongresura eramango diren dokumentuak eztabaidatzeko aukera izango da herri ezberdinetan egingo diren foroetan. Usurbilen ere horretarako aukera izango da maiatzaren 23an Potxoenean 19:00etan egingo den Herri Batzarrean.

Era horretara, EH Bildu nolakoa izango den erabakitzeko aukera izango dugu EH Bildurekin bat egiten dugun herritar guztiok. Hala, Zuzendaritzako izenak proposatu eta bozkatu ahal izango ditugu eta eztabaidarako dokumentuari ekarpenak egin ahal izango dizkiogu. EH Bilduren prozesu eratzailean parte hartzeko, kongresua.ehbildu.eus helbidean izena eman beharko da.

Usurbilgo EH Bildu