UEU-ren Usurbilgo udako jardunaldirako matrikulazio epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 23a, 09:53

Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen baitan, “Euskara, generoa, jatorria, eta klasea gurutzatzen diren lekua” izeneko jardunaldia ospatuko da Usurbilen, uztailaren 13an eta 14an, Usurbilgo Udalak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Jakin Fundazioak elkarlanean antolatuta. Zabalik dago jada matrikulazio epea. Xehetasunak ueu.eus atarian jaso ditzakezue.

Elkarlanerako hitzarmena

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak martxoaren 27an sinatu zuten hiru urterako elkarlanerako hitzarmena Potxoenean. Jardunaldiotan parte hartzeko gonbita luzatu zuten erakundeotako ordezkariek.

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: "Zatozte gure herriaren erdira eta hartu zuentzat gure plaza"

Ez da jardunaldi akademiko soila izango. Xabier Arregi alkateak aurreratu zuenez, Udaletik, egitarau akademikoari ongi josia egongo den "bestelako ekintza osagarriak eta jendaurrekoak ere egin nahi ditugu". Parte hartzeko gonbita luzatu zuen. "Uztailean gurera nahi genuke etortzea, gai honekin interesa izango duen herritarra, pentsalariak, adituak, arituak, eta esan, gaurtik ateak zabalik izango ditugula jardunaldietarako eta Usurbil bisitatu nahi duen edonorentzat", adierazi zuen Arregik, jardunaldi hau antolatzea ohore handitzat jotzearekin batera.

Usurbilgo Udalak, azpiegitura fisiko eta teknikoak jarri eta jardunaldiok finantzatzeaz gain, gunea eskainiko dio Jakin Jardunaldiari. "Zatozte gure herriaren erdira eta hartu zuentzat gure plaza", adierazi zien alkateak, jardunaldian parte hartu nahi dutenei. Hiriburuaren periferian kokatua egon arren, Usurbilek bere txikitasunean ere nor badela esateko nahia eta beharra baduela adierazi zuen alkateak eta "beraz gure plaza zuekin partekatzea interes eta ilusio handikotzat daukagu".

Guneaz gain, jardunaldi hau antolatzeko unea ere oso egokitzat jotzen du alkateak. Azken hamarkadotan bezala, galdera bertsuak ditugulako gaur egun ere, "nola heldu behar diogun biharko egunari. Horra pentsalarien beharra, inoiz baino nabarmenago". 

Iñaki Alegria, UEU-ren zuzendaria: "Arrakastatsua izatea espero dugu"

Aukera ezinhobetzat jotzen du UEUren zuzendari Iñaki Alegriak uztailaren 13an eta 14an Usurbilen ospatuko den jardunaldian parte hartzea. Bat baitator UEUren helburuekin. Mende laurdeneko ibilbidea osatua du erakundeak euskal unibertsitate herritarra eraikitzen, antolatu izan dituen ikastaro eta Usurbilgoa bezalako topaguneen bidez. "Oso ondo atera eta arrakastatsua izatea espero dugu", desio du Alegriak.

Topagune honek aukera ederra eskainiko du bere esanetan, "hausnarketarako, eztabaidarako eta gaietan sakontzeko".

Oso positiboa iruditzen zaio duela bi urtetik Jakinekin hasia duen lankidetza, "emaitza bikaina izan du". Usurbilekin abiatzera doan lankidetza berria da UEU-rentzat, eta udalerri honek eskainiko duen tokia oso ere egokia dela dio. Matrikulazio prozesua kudeatuko du UEU-k, zabalkunde lanak egingo ditu eta zerbitzu teknikoak antolatzeko ardura ere bere gain hartuko du.

Joan Mari Torrealdai, Jakin Fundazioko lehendakaria: "Unibertsitate herritarra ez da utopia"

Elkarlanaren eredu on eta unibertsitate herritarraren eredu gisa definitzen du Jakin Fundazioko lehendakari Joan Mari Torrealdaik, hiru erakundeek sinatua duten lankidetza hitzarmena. 1968ko maiatzaren ostetik, 70. hamarkadan herrietan antolatzen ziren hamabostaldi edota urteko ekitaldi zikloetan parte hartu izan dutela oroitzen du Torrealdaik; bai egitaraua josten edo hizlari gisa. "Gaurkoa ere ildo horretan kokatuko nuke neurri batean". Argi erakutsi nahi dute, "unibertsitate herritarra ez dela utopia". 

Poza eta esker ona agertzen du fundazioaren izenean eta usurbildarra den heinean, aurkeztu eta sinaturiko lankidetza hitzarmenaren eta esku artean duten egitasmoaren aurrean. Bat datorrena guztiz, "herria, kultura, hizkuntza", Jakinen lelo hirukoitzarekin. Herrigintzan dihardutela oroitu baitu Torrealdaik, euskalgintzari zentraltasuna aitortuz.

Lorea Agirre, Jakin Fundazioko zuzendaria: "Jakinentzat ere zentzu betea du Usurbilekin eta Usurbilen zerbait egitea"

"Usurbil guretzat bada nor, gure kulturgintzaren memorian eta iruditerian. Ez da edozein toki, Jakinentzat ere zentzu betea du Usurbilekin eta Usurbilen zerbait egitea", dio Jakin Fundazioko zuzendari Lorea Agirrek.

Jakinek, pentsamendua sortu, kontrastatu eta sozializatzen tradizio handia duela nabarmentzen du. Baita elkarlanean aritzekoa ere. UEUrekin esaterako. "2015ean hasi ginen elkarlanean eta egin ditugun bi jardunaldietan oso gustura geratu gara", Agirreren esanetan. Jardunaldiak antolatzea erabat naturala zaie Jakinekoei.

Usurbila adituak, baina bereziki arituak ere ekarri nahi dituzte, “eta hor, hitz teorikoen eta errealitatean gertatu eta egiten diren ekimenen inguruan halako kontrastea sortu". Jakinek gogoetatu, diseinatu, antolatu, lotu, zuzendu, koordinatu eta dinamizatuko du hitzarmenaren arabera, uztaileko jardunaldia. Honen inguruko zenbaki monografikoa ere landu eta argitaratuko du.