Gaur arte aurkez zitezkeen ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaietako egitaraua diseinatzeko lanak. Gaur arte proposa zitezkeen baita, jaietako txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak. Orain, erabakitzeko garaia dator. Jai Batzordeko eta diseinu arloan ezagutza duten bina kideek eta kultura zinegotziak osatuko duten epaimahaiak hautatuko du egitarau diseinu lehiaketako txapelduna. Irabazleak 500 euro jasoko ditu eta bere lana baliatuko da festetako ekitaldiak iragartzeko.
Bestalde, txupinazoa jaurtitzeko antolaturiko lehiaketan, 50 ekarpen inguru jaso ditu Jai Batzordeak. Egunotan jakinaraziko dute nork piztuko duen festak abiatuko dituen suziria.
Jai Batzordearen bilera
Prestaketa lanak azken txanpan dituzte. Jaietako egitaraua ere ia josia. Egiteke geratzen diren azken antolaketa lanak bideratzeko bilera batera deitu dituzte norbanako eta eragileak, ostegun honetan, 18:00etan Potxoenean.
Bi bertsopaper lehiaketa
Batetik, ohi bezala, 16 urtetik gorako usurbildarrentzako 41. Bertsopaper Lehiaketa antolatu da hilabete barru ospatuko diren jaien harira. Lanek 8-10 bertso artekoak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Bestalde, estreinakoz, LH5 eta 6 mailetako usurbildarrei zuzenduriko txapelketa ere antolatu dute Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak. Hiru gai jarri zaizkie aukeran eta horiei buruz idatzi beharko dute: Santixabelak, udako oporrak edo Usurbilgo txokoak. Bi bertso idatzi beharko ditu parte hartzaile bakoitzak.
Bi txapelketa hauetarako lanak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira helbide honetan: Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170. Egileak izengoitiz aurkeztu beharko du lana. “Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Txapelketon sari banaketa, ekainaren 29ko jaietako bertso saioaren amaieran ospatuko da.
Danborradako entseguak
Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten ere danborrada ospatuko da Usurbilgo jaietan. Uztailaren lehen egunean izango da, larunbatez honenbestez, 19:00-21:30 artean irtengo dira kalejiran. Danborrada prestatzeko entseguak ekainaren 14an abiatuko dituzte. Egun horretatik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiralero bilduko dira danborradan parte hartu nahi duten herritarrak, 20:00-21:00 artean Udarregi Ikastolako frontoian egingo dituzten entsegu saioetan.
Datozen deialdiak
Egunotan:
Jaietako egitaraua nork diseinatu eta txupinazoa nork jaurtiko duen jakingo da.
Maiatzak 25, osteguna
18:00 Jai Batzordearen bilera Potxoenean.
Ekainaren 14tik aurrera
20:00-21:00 Danborradako entseguak astelehen, asteazken eta ostiralero, Udarregi Ikastolako frontoian.
Ekainaren 19ra arte
41. Bertsopaper eta Gaztetxoen Bertsopaper Lehiaketetarako lanak aurkezteko epea.