Ostegun honetako Batzar Nagusiari begira, Biziberritu guraso taldeak ohar bat bidali berri du NOAUA!ko erredakziora. Hementxe duzue osorik irakurgai: "Ostegunean, maiatzaren 25ean ikastolako Batzar Orokorra egingo dute Udarregi kooperatibako kideek, gehien gehienak gurasoak direnak. Batzar hori da urtean zehar gurasoen parte hartzearen gailurra, erabakiak hartzeko unea. Aurten ondoko gai hauetaz erabaki behar dute, bere bozkarekin, kooperatibako kideek: metatutako diruarekin zer egin, datorren ikasturtean zehar gurasoek ordaindu beharko duten kuotaren kopurua, 2017ko aurrekontua onartu, eta Artezkaritza Kontseilurako eta Zaintza Batzorderako kide berriak aukeratu.
Metatutako diruari dagokionez, bi proposamen daude, biak bateragarriak direnak. Lehena, eraikin berria egiteko eskatutako mailegua amortizatzeko proposamena da. Bigarrena, diru erreserben erdia gutxienez, banku etikoetan gordetzea.
Kuotari dagokionez, Batzarrak erabaki beharko du ea datorren urtean gurasoek ordaindu beharko duten aurten bezala, 38 euro, edo kuota jaitsi nahi duten 20 euro ingurura. Lehenengo proposamenak aurreztutako diru kopurua handitzen jarraitzea suposatzen du, eta bigarrenak, aldiz, egun dauden erreserbak mantentzea, gehiago handitu gabe. Honetaz gain, erabaki beharko dute ea guraso bakarreko familiek kuota erdia ordainduko duten, edo, orain arte bezala, kuota osoa. Erabaki bera hartu beharko dute ikastolan 3 edo ume gehiago duten familientzako, hau da, kuota osoa ordaindu, orain arte bezala, edo kuota erdia ordaindu hirugarren umetik aurrera.
Azpimarratzekoa da ikastolaren funtzionamendu onerako fundamentala dela gurasoen parte hartzea, eta parte hartze horren muina erabakietan parte hartzea dela. Horretarako da Batzar Nagusia, non gurasoek duten aukera, bere bozkarekin, erabakitzeko. Animatu zaitezte, etorri Batzarrera, eta eragin zure bozkarekin!
Biziberritu lantaldea".