Usurbil K.E.-ko kadete mutilak, Euskadiko txapeldunorde eta Espainiako Sektorean hirugarren

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 24a, 09:19

Hirugarren postuan sailkatu dira Usurbil K.E.-ko kadete mutilak, asteburuan Elxen jokatu duten Espainiako Sektorean. Honatx Euskadiko txapeldun ordeek izandako emaitzak:

Emaitzak

CBM Elche 45-28 Usurbil K.E.

BM La Roca 34-30 Usurbil K.E.

Usurbil K.E. 37-31 BM Ciudad de Algeciras

Sailkapena

1-BM La Roca 6

2-CBM Elche 4

3-Usurbil K.E 2

4-BM Ciudad de Algeciras 0

Denboraldi bikaina egin du Usurbil K.E.-ko kadete mutilen taldeak. Euskadiko txapeldunorde ditugu eta asteburu honetan Elxeko Espainiako Sektorea jokatzeko ere sailkatu ziren. Bezperatan taldearekin bildu zen NOAUA!.

Euskadiko txapeldunorde, Espainiako sektorea jokatzeko sailkatuak. Denboraldiko balantzea ezinhobea da ezta?

Jon Aizpurua Canseco: Bikaina, ezinhobea. Lau urte daramatzat taldea entrenatzen. Denboraldia neurketak seitik sei irabaziz hasi genuen. Bidasoa edota Zarautzekin, talde onenekin lehiatzen eta irabazten. Bukaerara iritsi eta hemen segitzen dugu.

Honaino heltzea aurreikusten zenuten?

Bagenekien talde on bat genuela, iazko denboraldian lehenengo urteko denboraldia zen, eta nahiko ondo ibili ginen. Aurten behar zuen eta oso pozik gaude.

Ze indargune ditu taldeak?

Jada lau urte daramatzagu elkarrekin, konfiantza handia dugu. Entrenamendu saioetan izugarri saiatzen dira. Gure arrakastaren gakoa, entrenamendu saioetan gogotsu aritzen direla da eta entrenatuz egin gara onak.

Seniorren bideari jarraiki, talde gazteak ere Espainiako Txapelketarako sailkatzen ari zarete.

Belaunaldi hau indarrez dator Usurbilen. 17 jokalari ditugu. Eta hori Usurbilen ez dakit inoiz gertatu den. Hala bada, oso gutxitan gertatu da kadete mailan 17 jokalari izatea. Iaz ia sailkatzear izan ginen. Bigarren fasean lehiatik kanpo geratu ginen. Oraingoan muturra barruraino sartu dugu. Elxekoa sari bat da guretzat. Talde onenekin lehiatzera goaz. Ez dakit irabaziko ote dugun baina hara joate hutsa sari moduan hartzen dugu.

Goiko postuetan egoteko aukerarik izango duzue?

Asteburuko sektorea lehen postuan amaitzen badugu, Espainiako zortzi talde onenen artean sailkatuko ginateke. Hori Usurbilentzat ikaragarria litzateke. Baina oso zaila izango da. Gainerakoan pena, Sagardo Eguna galduko dugulako, baina gogotsu goaz, gozatzera. Horrelako sektore bat ez da beti bizitzen, oso gutxitan. Ez dakit errepikatuko ote den.

Hitzordu hau kenduta, neurketa gutxi batzuk geratuko zaizkizue denboraldia amaitzeko?

Orain Koparekin ari gara, baina ez da taldeko lehentasuna edo helburu nagusia. Entrenamendu saio askorik ere ez dugu. Ahal duguna egin eta egindakoarekin oso gustura egongo gara. Denboraldi oso ona egin dugu, ni jada oso harro nago taldeaz.

Taldeak segida izango du hurrengo denboraldian?

Bai. Hurrengo denboraldiko erronka nahiko handia da. 3 pertsona etorriko lirateke gure taldera, bigarren urtekoak eta beste 10-11 lehen urtekoak. Talde gaztea izango dugu berriz. Gogoa jarriko dugu eta ahal dena egin. Onena da, taldean ez dugula inolako arazorik, oso giro ona dugu.

Horrek lagunduko zuen honaino heltzen.

Sari onena hori da, giro ona izatea. Lau urte dira eta denok ezagutzen gara oso ondo.

Jokalari gisa aritu ostean, entrenatzaile orain. Nola ikusten da eskubaloia prestatzailearen ikuspuntutik?

Usurbilen eskubaloiaren maila izugarri igo da. Gazteak indarrarekin datoz. Jokalari izan naiz eta gure garaian, esaterako Zarautzen azpitik geratzen ginen. Orain Zarautzen aurretik gara, Euskadi mailan bigarren, postu onenetan. Sari handia da. Beste hainbatek bi talde edo jokalari askoz gehiago dituzte. Gu hemen talde bakarra gara; Ander Orena, ni eta koadrila berekoak diren jokalariak.

Azken hitzak taldearentzat.

Meritu oso handia dutela. Beraien irabazteko gogo horrekin lortu dugu nahi genuena. Elxera gozatzera, ondo pasatzera goaz. Sagardorik izango ez dugunez, paella eder bat jango dugu.

Espainiako Sektorea Elxen

Epea: maiatzak 19-21.

Non: Elx.

Jokatuko duten sektorea: F.

Aurkariak: C.B. Elche (Valentzia), BM Ciudad de Algeciras (Andaluzia) eta BM La Roca (Katalunia).