9 egun daramatza ospitaleko ZIUn egoera larrian, baina diotenez pixkanaka hoberantz omen doa bere osasun egoera. Martini buruz ari gara, joan den maiatzaren 13an, trena Usurbilgo geltokian izan eta ibilgailuko alde batean Mozal Legearen aurkako pintaketak egiten ari zirela, trenak harrapatutako ekintzaileaz. Berari babesa adierazi eta Mozal Legearen aurka hainbat mobilizazio egin dira azken egunotan. Igandean Usurbilen ospatu zen 36. Sagardo Egunean ere elkarretaratzea egin zuten Aitzaga parean, "Guk ere egingo genuke, animo Martin. Zurekin gaude, eutsi!" eta "Mozal Legeari ez!" aldarripean.Asteazken honetan bestalde, hainbat eragileek agerraldia egin dute Donostiako Bulebarrean. Usurbilen zauritutako ekintzaileari babesa adierazi diote eta ostiralerako protesta hitzordua deitu dute, arratsaldeko 19:00etan leku berean. Hainbat eragileek bat egin dute protesta deialdi honekin: Donostialdeako Stop desahucios, Ekonomia kritikoa taldea, Herri Unibertsitatea, Urgullpeko gazteak, Alde Zaharreko jai batzordea, Ernai, Haraino Aisialdi taldea, Ikasle Abertzaleak, Prest, Eleak Libre, Donostiako Okupazio bulegoa, Gite/Ipes, Askapena, Arrano Beltza Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Satorralaia, Leioatik proiektu komunikatiboa, Ugaoko gazte asanblada, Donostiako Bilgune Feminista, Aullido Libertario, AAM, LAB, CNT Gipuzkoa, GKK, Sortu, EH Bildu, Podemos, PCPE.
"Helburua, trena Mozal Legearen aurkako mural ibiltarian bihurtzea zen"
Maiatzaren 13an Usurbilgo tren geltokian Mozal Legearen aurkako pintaketak egiten ari zen ekintzaile taldeko kideetako bat trenak harrapatu zuen. Biharamunean, ezbeharrean larri zauritutako gazteari elkartasuna adierazteko eta aipatu legearen aurka, elkarretaratzea egin zen Donostiako Bulebarrean.
Bezperan gertaturikoa azaldu zuten bertan. Ekintza sozialen eremuan kokatzen dute udalerri honetan gertaturiko istripua. Hilaren 13an Donostiatik zetorren trena, Usurbilgo geltokian gelditu eta bi minutuko geldiunea, Mozal Legearen aurkako pintaketak egiteko baliatu nahi izan zuten. Tarte horretan, larriki zauritu zen ekintzailea trenbidera atera eta puxika laranja batekin trena geldirik mantentzeko eskatzen aritu zen. Treneko makinistak aldiz ez zuen ikusi gaztea. Trena martxan jarri, ekintzailea harrapatu eta andena amaitu arte eraman zuen arrastaka.
Mozal Legea, indarrean oraindik
Ekintza erreibindikatiboaren helburua, "Donostiako Bilbora joaten den trena, Mozal Legearen aurkako mural ibiltarian bihurtzea zen". Mezua ikusgarri egitea, bide guztian, geltokietan eta bidaiarien aurrean. Halako salaketa ekintzak beharrezkoak direla nabarmentzen dute ekintzaileek, guztiz zilegiak direla, gogorarazten dutenez "Mozal Legeak indargabetu gabe segitzen baitu".
Elkarretaratze berean, Eleak Libre mugimendutik, azken 20 hilabeteotan "gure eskubide zibil eta politikoak 11.000 aldiz bortxatu dituzte", nahiz bai Iruñea zein Gasteizko legebiltzarrak Mozal Legearen aurka agertu izan diren. Horregatik, bi deialdi egin zituzten. Batetik, "Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari ez diezaiela zigor edo isunik jarri ekintzaileei. Prozedura penal bat ireki dute. Hau bertan behera uztea" eskatzen dute. Bestalde, Euskal Herriko langileriari ekintza sozial hauen aurrean jarrarea proaktiboa izatea eskatzen diote, "salaketa soziala oztopatu beharrean bertan parte har dezaten edo garatzen utz dezaten behintzat. Eskubide zibil eta politikoak guztionak direlako, baita beraienak ere. Eskubide zibil eta politikoen eremuan, elkartasunetik konpromisora pasatzeko garaia da".