Madril hegoaldean ere, erraustegiaren aurka

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 24a, 14:27

Haserre eta desadostasun erreakzio ugari eragin ditu Zubietako erraustegiko eraikitze lanen hasierak, bai kalean, baita sare sozialetan ere. Tartean, 90. hamarkada hasieraz geroztik erraustegi baten ondoan bizi diren Rivas Vaciamadrideko (Madril) bizilagunen artean. Hango errealitatearen berri 2016ko maiatzean jaso genuen, gure artean bisitan izan genituen erraustegi haren aurkako plataformako kideen eskutik. Tartean zen Clara Perales ere. GuraSOSek Hernaniko Oronan antolaturiko jardunaldietan eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak Donostian antolaturiko giza-katean parte hartu zuen, orain urtebete.

Sare sozialetan idatzi du egunotan. Eraikitze lanak abiatzeko erabakiak, “erraustegiaren aurka manifestatu diren herritarrei bizkarra ematen die”, adierazi du Peralesek. Bere esanetan, “beharrezkoak ez diren azpegiturak hasi dira eraikitzen, gaikako bilketan eta hondakinen aprobetxamenduan eredu den zonaldean”. Horregatik, ez du ulertzen erraustegia eraikitzea, “ingurumenarekiko errespetu handiagoa izan eta herritarren osasuna arriskuan jartzen ez duten hondakinen kudeaketa ereduak izanda”. Agintariak zeinen interesak lehenesten ari diren galdetzen du, zalantzan jartzen du herritarren interesak lehenesten ari direnik.

Herritarron osasunaren aldeko defentsan ez etsitzeko deia egin eta animu mezua helarazi du Madriletik. “Ez Zubietan ez Valdemingomezen ezta beste inon ere, ez erraustegiei!”. Hala dio, azken hamarkadotan erraustegiaren ke toxikoa jasan eta planta hura ixteko eta bizi kalitate hobea izateko borrokan ari diren zonaldetik. Ez baita ahaztu behar, minbizi kasuak ugaritu direla bertan, erraustegia “lanean” hasi zenetik. Clara bera dago kaltetuen artean. “Erraustegitik gertu bizi den biztanlerian minbiziaren eragina handiagoa dela baieztatzen duten azterketak daude”, gogorarazten du Peralesek. Rivasetik gertu dagoen Valdemingomezeko erraustegiaren aurkako plataformak, larunbatean Zubietan antolatu duten Erraustegiaren Aurkako Egunaren baitan egingo diren hitzaldietako batean parte hartuko du.

https://youtu.be/TawyMkWuGMU

Pinton (Madril) PSOE eta PP ere, erraustegiaren aurka

Rivasetik gertu, Madril hegoaldean baita, 25 kilometro ingurura kokatua dagoen Pinto udalerrian ere erraustegia eraiki nahi du Madrilgo Autonomia Erkidegoko gobernuak. Bertako Udala proiektu honen agertu zen martxoko osoko bilkuran, aho batez onarturiko mozioaren bidez. Aurka agertu ziren honenbestez, bertako udalbatza osatzen duten PSOE, C´s, PP eta Ganemos Pinto alderdietako udal ordezkariak. Madrilgo erkidegoko agintariei 2017-2024 urtera arteko hondakinen plana, eta "edozein dela ere hondakinak erretzeko baliatuko den teknologia" baztertzea eskatu zuten. Pintoko Udalak gainera, bat egin zuen errausketaren aurka, udalerriko nahiz eskualdeko ehun bat entitate eta elkarteek osatua duten herri plataformarekin.

Eraiki nahi dieten erraustegiaren aurka bat eginik daude beraz. Kezkatuta daude, beste behin, zonalde berean azpiegitura kutsakor bat eraiki nahi dietelako, herritarren osasunarentzat arriskuak ekarriko dituena. Honatx Pintoko Udalak berak gai honi buruz argitaratu duen albistea: Pintoko Udala, erraustegiaren aurka

Pinton bakarrik ez, inguruko udalerrietan ere kezka eragiten ari da gaia. Getafen hilabete honetako osoko bilkuran aztertzekoak dira gai hau. Bertako PSOE eta Ahora Getafe alderdiak jada erraustegiaren aurkako iritzia agertu dute. Ahora Getafe berak mozioa aurkeztuko du hurrengo plenoan. Madrilgo Carlos III institutuak landutako txosten bat aipatzen dute esanez, erraustegitik 5 kilometroko eremuan bizi diren herritarren artean, "pleurazko minbizi kasuak %84 hazten direla, %24 besikula minbiziak eta %21 leuzemia kasuak" bertako zenbait hedabideek berri eman dutenez.