"Ikastolen jai eredu berria ber-asmatu nahi dugu". 40 edizio bete ditu Kilometroak jaiak, bide luzea jorratu arren, aurretik bide luzea duela ere ziurtatuta, etorkizunari begira jaialdiak hartu beharreko norabideaz aztertu eta eztabaidatzeko hausnarketa prozesu ireki eta parte hartzailea abiatu du Ikastolen Elkarteak.
"Ikastolen Jaia jendartean txertatuta dagoen jaia da. Ikastolek dituzten behar materialei erantzuteko antolatzen bada ere, Euskal Kultura indartuz eta elikatuz, ikastolen mugimenduak herritarren eskutik jasotzen duen kultura berriro, Hezkuntzaren bidetik, jendarteari itzultzen dio. Ikastolen Jaiarekin elkartasuna eskatzeaz gain, Euskara, Euskal Hezkuntza eta Euskal Kulturaren alde sustapen lana ere egiten da. Bi xede nagusi hauek, hau da, elkartasuna hartu eta kultura eman, modu eraginkorrean erantzuteko IKASTOLEN JAIA EREDU BERRIA BER-ASMATU NAHI DUGU", diote Ikastolen Elkartetik.
Zubieta eta Usurbilgo edizioak oroitzeko aukera
Testuinguru honetan sortu da Kilometroak Bidea egitasmoa. Parte hartzera deitzen dute. "Nondik gatozen badakigu; nora goazen baita ere; helmugara iristeko erabili behar ditugun bideak? Denon artean erabaki dezagun!". Bidelagun izatera animaten gaituzte. Web orri bat sortu dute, eztabaida foroak ere antolatzen edota lekukotasunak biltzen ari dira... Kilometroak jaiak orain arte egin duen 40 urteko bidea, erakusketa batean ere bildu dute. "Kilometroakbidea egitasmoari ekitean argi genuen, Kilometroak jaiaren 40 urteko ibilbidearen dokumentazio bilketa egin behar zela", diote sustatzaileek.
Ekainaren 10ean ospatuko den Ikastolaren Egunari begira Udarregi Ikastolak antolatu dituen ekitaldien artean, Sutegin ikusgai izango dugu aipatu erakusketa hau, maiatzaren 29tik ekainaren 4ra. Orain arteko edizio guztietako argazki, irudi, lelo edota egunkarietako albisteak bildu ditu bertan Ikastolen Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzaz. 1977tik 2016ra ospatu diren edizio guztiak islatuko dira bertan. Edizio bakoitzak panel propioa izango du. Tartean, 1978an Zubietan ospaturiko jaialdiarena, eta noski, duela bi urte Usurbilen egindakoa.
Informazio gehiago: kilometroakbidea.eus