Ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaien prestaketa lanak azken txanpan dituzte. Jaietako egitaraua ere ia josia dute. Egiteke geratzen diren azken antolaketa lanak bideratzeko bilera batera deitu dituzte norbanako eta eragileak, ostegun honetan, 18:00etan Potxoenean.
Ibai Arrieta, egitarau diseinu txapelketako irabazlea
Usurbilgo jaietako ekitaldiak iragarriko dizkigun egitaraurako diseinua hautatua dago jada. Jai Batzordeak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko txapelketa Ibai Arrieta usurbildarrak irabazi du. Zorionak! Jai Batzordeko bi kidek, diseinu arloan ezagutza duten bi adituk eta kultura arloko zinegotziak osatu duten epaimahaiak, lehiaketara aurkeztu diren bi diseinu lanen artean erabaki behar izan du aurten. Bi ekarpenak aztertuta, "Ortzi" ezizena zuenak jaso du babes handiena. Ibai Arrietaren diseinu lanak alegia. Arrietak 500 euroko saria irabazi du. Bere diseinu lana hilabete barru ezagutu ahalko dugu. Usurbilgo Udalak ekaina amaieran jaietako egitaraua etxez etxe banatzean hain zuzen.
Bestalde, txupinazoa jaurtitzeko antolaturiko lehiaketan, 50 ekarpen inguru jaso ditu Jai Batzordeak. Egunotan jakinaraziko dute nork piztuko duen festak abiatuko dituen suziria.
Bi bertsopaper lehiaketa
Batetik, ohi bezala, 16 urtetik gorako usurbildarrentzako 41. Bertsopaper Lehiaketa antolatu da hilabete barru ospatuko diren jaien harira. Lanek 8-10 bertso artekoak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Bestalde, estreinakoz, LH5 eta 6 mailetako usurbildarrei zuzenduriko txapelketa ere antolatu dute Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak. Hiru gai jarri zaizkie aukeran eta horiei buruz idatzi beharko dute: Santixabelak, udako oporrak edo Usurbilgo txokoak. Bi bertso idatzi beharko ditu parte hartzaile bakoitzak.
Bi txapelketa hauetarako lanak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira helbide honetan: Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170. Egileak izengoitiz aurkeztu beharko du lana. “Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Txapelketon sari banaketa, ekainaren 29ko jaietako bertso saioaren amaieran ospatuko da.
Danborradako entseguak
Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten ere danborrada ospatuko da Usurbilgo jaietan. Uztailaren lehen egunean izango da, larunbatez honenbestez, 19:00-21:30 artean irtengo dira kalejiran. Danborrada prestatzeko entseguak ekainaren 14an abiatuko dituzte. Egun horretatik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiralero bilduko dira danborradan parte hartu nahi duten herritarrak, 20:00-21:00 artean Udarregi Ikastolako frontoian egingo dituzten entsegu saioetan.
Datozen deialdiak
Egunotan:
Jaietako txupinazoa nork jaurtiko duen erabakiko da.
Maiatzak 25, osteguna
18:00 Jai Batzordearen bilera Potxoenean.
Ekainaren 14tik aurrera
20:00-21:00 Danborradako entseguak astelehen, asteazken eta ostiralero, Udarregi Ikastolako frontoian.
Ekainaren 19ra arte
41. Bertsopaper eta Gaztetxoen Bertsopaper Lehiaketetarako lanak aurkezteko epea.