"Baserritarrok badakigu zer den hondakinak ondo kudeatzea, lurrak ematen diguna lurrari itzultzen baitiogu. Zuek ordea errekurtsoei su eman nahi diozue, amalurra irainduz, amalurra pozoinduz. Larunbatean gu ere Zubietan izango gara. Errauskailua geldituko dugu!". Hala diote EHKO, Basherri Sarea, Biolur Gipuzkoa, Baserria XXI elkarteek sare sozialen bidez zabaldu duten bideoak. Babesa adierazi diote, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutikek larunbaterako Zubietan antolatu duten mobilizazio egunari.
"Ezin dugu honelako astakeria bat onartu"
Larunbaterako Zubietan antolatua dagoen Erraustegiaren Aurkako Egunaren baitan deitu diren hitzaldietako bat, Baserria XXI, Gipuzkoako Baserritarron Elkarteak eskaniko du Kaxkapen. Erraustegia eraikitzen hasi berri diren honetan, lehenagotik ere adierazi izan duten proiektu honen aurkako “atxikimendu hori berrestera gatoz” adierazi dute egunotan. Errausketaren Aurkako Mugimenduaren aldarrikapenekin bat egin eta gainerako baserritar zein eragileei erraustegiaren aurka agertu eta alternatibetan parte hartzera deitzen dute, “gure herriarentzat kalitatezko janaria ekoizteko ardura daukagunok ere ezin dugulako honelako astakeria bat onartu. Eutsi Lurrari! Errausketarik ez!”.
Erraustegiak ingurumenarentzat ekarriko dituen kalteak azpimarratzen dituzte, ondoko gutunean:
Baserritarrok ere, errauskailuari ez!
Hasi dira dagoeneko Zubietan errauskailua egiteko lanak. Gipuzkoako Baserritarron Elkartetik, Baserria XXIetik, lehenago ere adierazi izan diogu atxikimendua errauskailuaren aurkako borrokari, eta atzeraezinezko dirudien une honetan, atxikimendu hori berrestera gatoz.
Bat egiten dugu errauskailuaren aurkako mugimenduak egiten dituen salaketekin: gipuzkoarrok zorpetzea, gure hondakinen kudeaketa eta bertatik beraiek nahieran ateratako irabaziak enpresa batzuei (tartean horren famatu egin den «Lezo operazioan» agertu den bat) oparitzea, gizakiongan sor ditzakeen gaitzak, natura kaltetzea...
Guztiontzat garrantzitsua den baina nekazari eta abeltzainon jardunaren erdigunean dagoen gaiari arreta berezia eskaini nahi genioke, alegia, naturaren kaltetzeari.
Beste behin, azpiegitura handi batek gure landare eta abereei aire garbia kenduko die, gure jarduerarako ezinbestekoa den ur garbia pozoituko du, horren beharrezkoa den eta urri daukagun materia organikoa pribatizatuko du, eta horren eskas daukagun lur emankorreko hektarea pila bat pikutara bidaliko ditu eraikuntzarekin berarekin eta bertako hondakinak gordetzeko beharko diren zabortegi bereziekin.
Dei egiten diegu Gipuzkoako baserritarrei gainontzeko eragileekin batera errauskailuari aurkakotasuna adierazi eta alternatibetan parte hartzera, gure herriarentzat kalitatezko janaria ekoizteko ardura daukagunok ere ezin dugulako honelako astakeria bat onartu.
Eutsi Lurrari! Errausketarik ez!
Baserria XXI (Ane Gorosabel, Lur Pagoaga, Aitzol Iturbe eta Naroa Ariznabarreta)
Iturria: GARA.