Maiatzeko azken ostirala gaur. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde mobilizatzeko eguna Euskal Herriko hainbat txokoetan, baita udalerri honetan ere. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak elkarretaratzea deitu du arratsaldeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan. Iragarri dutenez, bertan elkartu ostean, gero Sutegira joateko asmoa dago bideo bat ikustera.
Giza-katea Sagardo Egunean
Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoen eskubideen aldeko giza-katea egin zen 36. Sagardo Egunean, Mikel Laboa plazako txosna gunetik abiatu eta Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazaraino. Bertan, topa egin zuten sagardoaren laguntzaz. Mobilizazio honen bidez aditzera eman dutenez, "Olatz eta Patxi, eta aurten ere Xua beren alabatxoa, festara ekarri nahi ditugu maite ditugula eta lehenbailehen gure artean izan nahi ditugula adierazteko. Horregatik, ziega ilun haietara gure alaitasuna bidaliko diegu hirurei eta orohar preso guztiei eta txotx berezi bat egingo dugu, ohi bezala, denak oroituz".
Asteotarako bi deialdietan parte hartzeko gonbita ere luzatu dute:
Maiatzak 26, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
Ekainak 16, ostirala
Manifestazioa Donostian, Sarek antolatuta. "Mobilizazio horrekin, behingoz presoen auziari heldu eta konponbidea gauzatze bidean jartzeko kanpaina indartsu baten hasiera izango da".