Ingemar itxi nahi duen edo ez argitzea eskatzen diote langileek Kutxabanki

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 26a, 12:30

Kutxabankek Ingemar itxi nahi ote duen edo ez argi dezala eskatu diote Ingemarreko langileek, ostiral goiz honetan, bankuak Donostiako Garibai kalean duen egoitza atarian egin duten agerraldian. Argi hitz egin dezala eta "esandako asmoa egiazkoa izatekotan zuzentzeko" galdegiten diote langileek. Eskaerok biltzen zituen idatzia aurkeztu du prentsaurrekoaren amaieran Langileen Batzordeak, Kutxako egoitza barruan. "Hainbat informazioren arabera, Kutxabank erakundea, konkurtsoko hartzekoduna denez, estutzen ari da Usurbilgo plantila osoarentzako amaierako EEE bat irekitzeko, enpresaren jabetzako lursailak bereganatu eta etxegintza-arloko diru-jana egiteko", berri eman dute prentsaurrekoan.

Informazio hau egia bada, Ingemarreko langileen esanetan, "ondorioa guztiz larria izango da, euskal kutxen bankarizaziotik eratorria. Ez da onargarria, Ingemar lantegiko 75 langileak beren lanposten aldeko borrokan dauden bitartean, Kutxabank azpijokoan aritzea, enpresarekin bat eginez, langileak kalean uzteko, espekulazio-interesengatik".

Azalpenak ematea eskatzen dizkiete bankarizazioaren alde agerturiko alderdi politiko eta erakundeei, "Kutxabanken sustraien faltari buruz, eta ekoizpen-sarearekiko eta enpleguarekiko konpromisorik ezari buruz". Eragile politiko eta erakundeok enpresaren asmoetara lerratzen badira, "haiei ere aurre egingo diegu, gure interesen kontra ari baitira", iragarri dute Ingemarreko langileek.  

Maiatzaren 31tik aurrera, astelehen eta asteazken eta ostiralero ordubetez mobilizatuko dira gaurko agerraldi lekuan bertan, Kutxabankek Donostiako Garibai kalean duen egoitza atarian. Gaur bezala, "Kutxabank Ingemar ez itxi" aldarripean mobilizatuko dira.

Gogoan izan, Ingemarreko langileen etorkizuna kinka larrian dago. Ingemar talde osoa, hartzekodunen lehiaketan dago urte hasieratik.