Erraustegiaren aurkako aldarrien erdigunea Zubieta

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 29a, 11:54

Erraustegiaren Aurkako Eguna izan zuten larunbatean Zubietan. Denetariko hitzorduak tartekatu zituen Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Eguna hasteko hiru hitzaldi interesgarri Kaxkape egoitzan; Baserria XXI elkarteak errausketa eta nekazaritzari buruz eskainitakoa batetik. Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Martin Zelaia, erraustegia alboratu duen Nafarroako Hondakinen Kudeaketa planaz aritu zen. Madril aldetik ere bisitariak izan genituen Zubietan. Valdemingomezeko erraustegi ondoan bizi dira Rivaseko bizilagunak. Erraustegiaren aurka osatu duten aliantzako kide Javier Navascuesek, bertan bideratzen ari diren lanketaren inguruko azalpenak eskaini zituen.

Erraustegiaren Aurkako Eguneko ekitaldi zentrala eguerdi partean ospatu zen Zubietako plazan. Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz bertsolariek abiaturiko hitzorduan, antolatzaileek hartu zuten hitza, bi eskaera nagusi zabaltzeko; batetik, Aldundiak erraustegia geldi dezala galdegiteko. Eta gipuzkoarrei erraustegiaren aurka mugitzeko deia ere egin zieten.

Plazan bertan bestalde, Errausketaren Aurkako Mugimendua laguntzeko postuak jarri zituzten, eta frontoian, ehunka lagun batu zituen herri bazkari jendetsua ospatu zen.