Gipuzkoa Zutik: "Bizitzarekin egingo diogu aurre, proiektu hiltzaile horri"

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 29a, 12:07

Makrokartzela eta erraustegia eraikitzekoak diren eremuan "zer dagoen eta zer ez" ikustera joateko gonbidatuz hasi zuten larunbat arratsaldeko martxa abiatu aurretik, Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek Zubietako plazan egin zuten agerraldia. "Hasi omen dituzte obrak edo ziri ederra sartu nahi izan digute eta antzerki ederra egiten hasi dira", zioten.

Duela urtebete oroitarazi bezala, erraustegia kapitalismoaren eta "ehuneko batak etekin ekonomiko izugarriak izateko, guztion bizitzaren gainetik edozer egiteko" sinboloa dela gogorarazi zuten. Sinbolo horri aurre egiteko asmoa agertu zuten. "Bizitzarekin egingo diogu aurre proiektu hiltzaile horri", eta iragarri zutenez, "prest gaude gaurko egunarekin beste fase bat hasteko, eragozteko erraustegi hori egitea".

Larunbateko martxarekin proiektu honek duen punturik ahulena agerian utzi nahi izan zuten. "Proiektu horren punturik ahulena da, herritarrek ez dugula nahi, ez du inongo babesik", azpimarratu zuten, bertaraturikoen txalo artean. Herritarren babesik ez izateaz gain, gipuzkoarron poltsiko, aire eta bizitza defendatzeko antolatu zuten atzoko martxa, "adierazteko lur hori guztiona dela eta guztiak zainduko eta defendatuko dugula. Haizea guztiona dela, eta guztiok zainduko eta defendatuko dugula. Erabiliko duten dirua, guztiona dela eta ez diegula oparituko. Eta bizitza, guztiona dela eta guztion artean gozatuko dugula".