Ingemarreko langileak Donostiako Kutxabank atarian mobilizatuko dira astean hirutan, asteazkenetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 29a, 09:35

Kutxabanki Ingemar ez dezala itxi eskatuko diote langileek, maiatzaren 31tik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiralero 11:00-12:00 artean Kutxak Donostiako Garibai kalean duen egoitza atarian. Mobilizatzeko deialdia eta xehetasunak gune berean eskaini zituzten Ingemarreko langileek, aurreko ostiralean.

Ingemar itxi nahi duten argitzea eskatzen diote Kutxabanki

Kutxabankek Ingemar itxi nahi ote duen edo ez argi dezala eskatu zioten Ingemarreko langileek, maiatzaren 26an bankuak Donostiako Garibai kalean duen egoitza atarian egin zuten agerraldian. Argi hitz egin dezala eta "esandako asmoa egiazkoa izatekotan zuzentzeko" galdegiten diote langileek. Eskaerok biltzen zituen idatzia aurkeztu zuen prentsaurrekoaren amaieran Langileen Batzordeak, Kutxako egoitza barruan. "Hainbat informazioren arabera, Kutxabank erakundea, konkurtsoko hartzekoduna denez, estutzen ari da Usurbilgo plantila osoarentzako amaierako EEE bat irekitzeko, enpresaren jabetzako lursailak bereganatu eta etxegintza-arloko diru-jana egiteko", berri eman zuten prentsaurrekoan.

Informazio hau egia bada, Ingemarreko langileen esanetan, "ondorioa guztiz larria izango da, euskal kutxen bankarizaziotik eratorria. Ez da onargarria, Ingemar lantegiko 75 langileak beren lanposten aldeko borrokan dauden bitartean, Kutxabank azpijokoan aritzea, enpresarekin bat eginez, langileak kalean uzteko, espekulazio-interesengatik".

Azalpenak ematea eskatzen dizkiete bankarizazioaren alde agerturiko alderdi politiko eta erakundeei, "Kutxabanken sustraien faltari buruz, eta ekoizpen-sarearekiko eta enpleguarekiko konpromisorik ezari buruz". Eragile politiko eta erakundeok enpresaren asmoetara lerratzen badira, "haiei ere aurre egingo diegu, gure interesen kontra ari baitira", iragarri zuten Ingemarreko langileek.  

Maiatzaren 31tik aurrera, astelehen eta asteazken eta ostiralero ordubetez mobilizatuko dira agerraldi lekuan bertan, Kutxabankek Donostiako Garibai kalean duen egoitza atarian. Aurreko ostiralean bezala, "Kutxabank Ingemar ez itxi" aldarripean mobilizatuko dira.

Gogoan izan, Ingemarreko langileen etorkizuna kinka larrian dago. Ingemar talde osoa, hartzekodunen lehiaketan dago urte hasieratik.