Gizarte Zerbitzuei buruzko udal inkesta, 65 urtetik gorakoen artean

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 30a, 09:20

Gizarte Zerbitzuen inguruko iritzia ezagutu asmoz inkesta bat egingo du Usurbilgo Udalak Aztiker enpresaren laguntzaz datozen bi asteotan, ekainaren 10era bitarte, 65 urtetik gorako usurbildarren artean. Adin tarte horretako 220 lagun hautatuko dituzte zoriz, haien premiak eta proposamenak biltzeko. Udaletik aditzera eman dutenez, “lehen helburua adineko herritarrek etorkizunera begira bizimodua nola irudikatzen duten jakitea da, eta horretarako beren eguneroko bizitzan beharrezko dituzten zerbitzuak eta egitasmoak zein diren identifikatuko dira”.

Honez gain, adineko herritarren, bereziki egoera zaurgarriagoan daudenen egoera sozio-sanitario-emozionala kokatuko da. Inkestak 25 galdera ingurukoak eta 15 minutukoak izango dira, Usurbilgo edo gertuko herritarrek egingo dituzte. Anonimotasuna bermatuko da eta inkestatzaileak hala dela dioen akreditazioa izango du. Inkesta honetan jasotako informazioa baliagarria izango zaio Udalari, dauden beharrak asetzeko baliabideak eskaintzeko, “Udaletik bultza daitezkeen zerbitzuetan eta ekimenetan oso kontuan hartzeko eta datozen urteetan aurrera eraman daitezkeen proiektuak definitzerako orduan lagungarri izateko”.