Usurbildarrak, Gasteizko Euskal Herria Kantuz Egunean

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 30a, 12:00

Maiatzeko azken larunbata izan arren, Usurbilen ez zen kantu-jirarik ospatu hilaren 27an. Kantu Taldeko 27 kide Gasteizera joan ziren egun pasa, Arabako hiriburuan antolatu zuten Euskal Herria Kantuz ekimenean parte hartzera. "Egun zoragarria igarotzeaz gain, euskaldunago sentiarazten gaituen euskal kantu eta dantzez gozatu genuen", adierazi dute Kantu Taldetik, NOAUA!ra igorri duten ondoko idatzian:

Irudia: Usurbilgo Kantu Taldea.

Usurbildarrak kantari Gasteizen,"Euskal Herria Kantuz 2017" egunean 

Aurtengo Euskal Herria Kantuz eguna Gasteizen ospatu dugu. Bertan izan gara Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko 27 lagun. Arabarrek izan dute, maiatzaren 27an, larunbatean, egun eder hau antolatzearen ardura. Bai ederki gauzatu ere!

"Araba, zazpigarren aldaba" lelopean Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako ehunka kantuzaleen arteko Kantu Jira Nazionala egin genuen Gasteizko kaleetan zehar, kantu esanguratsuenak abestuz.

Imanol Urbietari omenaldi xume bat eskainiz amaitu genuen goizeko partea. Haur eta kantuzaleon artean "Ran rober ran", "Jon Braun" eta "Behin betiko" abestu genituenean sentimenduz betetako uneak bizi izan genituen Foruen plazan: "Uztaia gora gora lurretik zerura",… beren uztaiak gora eta behera erabiliz ikuskizun xarmanta plazaratu zuten bertan ziren umetxoek. Argazki polita bizi izandakoa.

Baina zer izango litzateke bazkaririk gabeko kantu eguna? Horretarako, 800 lagunentzako kantu-bazkari mundiala prestatu ziguten gasteiztarrek Iradier Arena eraikuntzan. Eten gabeko lan arduratsuaren ondorioz dena txukun eta dotore irten zen. Bejondeiela!

Arratsaldean, berriz, kantuzaleon ekitaldiari ekin genion Foruen plazan. Aurten, indar berezia jarri nahi izan zaie herrialdeetako kantu tradizionalei; herrialdeka bina herri-kantu abestuz eta horrekin batera herrialdeko dantzaren bat edo beste dantzatuz.

Egun zoragarria igarotzeaz gain euskaldunago sentiarazten gaituen euskal kantu eta dantzez gozatu genuen, elkarren arteko desberdintasunen goitik adiskidetasuna bultzatuz eta denona dugun hizkuntzan mintzatzen ahaleginduz. "Dakitenek erabiliz, ez dakitenek ikasiz",…dio kantuak.

Esker aunitz Gasteiz Kantuzi horrelako egun eder hau honela borobiltzeagatik. Datorren urteko ardura nafarren eskuetan geratu da. Ziur egun ederra antolatuko dutela. Gu han izango gara ekimen nazionala bihurtu den herri dinamika hau nola kantuz, hala dantzaz hauspotuz, euskaratik eta euskaraz bizitzeko.