2018an, uztailaren 2a jai Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 31a, 09:50

Ate joka ditugun Usurbilgo jaietako egun nagusia, uztailaren 2a, aurten igandez egokituko denez, Usurbilgo Udalak udalbatzaren aho bateko onespenarekin, salbuespen moduan, aurten usurbildarren jai eguna ekainaren 30a, ostirala izatea erabaki zuen iaz. 2018an ordea, uztailaren 2a, Santixabel Eguna, astelehenez egokituko da. Udal gobernu taldeak, urtebete barru egun hori jai egun izendatzea proposatu zuen astearteko osoko ohiko bilkuran. Aho batez onartu zuen udalbatzak.

Hurbilago Elkarteak jaurtiko du txupinazoa

Usurbilgo ostalari eta dendarien elkarteak izango du aurtengoan, ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaiak abiatzeko ohorea. Hala erabaki du Jai Batzordeak, hautagaiak aurkezteko epea itxi ostean. Gogoan izan, emailez nahiz herriko hainbat guneetan jarriko kaxetara helarazi zitezkeela txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak. Guztira 50 bat ekarpen egin dira. Aipatu moduan, aurtengoan Hurbilago Elkarteak jaurtiko du festak abiatzeko suziria, ekainaren 29an.

Ibai Arrietaren diseinua izango du, Usurbilgo jaietako egitarauak

Usurbilgo jaietako ekitaldiak iragarriko dizkigun egitaraurako diseinua hautatua dago jada. Jai Batzordeak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko txapelketa Ibai Arrieta usurbildarrak irabazi du. Zorionak! Jai Batzordeko bi kidek, diseinu arloan ezagutza duten bi adituk eta kultura arloko zinegotziak osatu duten epaimahaiak, lehiaketara aurkeztu diren bi diseinu lanen artean erabaki behar izan du aurten. Bi ekarpenak aztertuta, "Ortzi" ezizena zuenak jaso du babes handiena. Ibai Arrietaren diseinu lanak alegia. Arrietak 500 euroko saria irabazi du. Bere diseinu lana hilabete barru ezagutu ahalko dugu. Usurbilgo Udalak ekaina amaieran jaietako egitaraua etxez etxe banatzean hain zuzen.

Bi bertsopaper lehiaketa

Batetik, ohi bezala, 16 urtetik gorako usurbildarrentzako 41. Bertsopaper Lehiaketa antolatu da hilabete barru ospatuko diren jaien harira. Lanek 8-10 bertso artekoak eta inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute. Bestalde, estreinakoz, LH5 eta 6 mailetako usurbildarrei zuzenduriko txapelketa ere antolatu dute Bota Punttubak eta Usurbilgo Udalak. Hiru gai jarri zaizkie aukeran eta horiei buruz idatzi beharko dute: Santixabelak, udako oporrak edo Usurbilgo txokoak. Bi bertso idatzi beharko ditu parte hartzaile bakoitzak.

Bi txapelketa hauetarako lanak ekainaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira helbide honetan: Joxe Martin Sagardia plaza. Usurbil 20170. Egileak izengoitiz aurkeztu beharko du lana. “Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Txapelketon sari banaketa, ekainaren 29ko jaietako bertso saioaren amaieran ospatuko da.

Danborradako entseguak

Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten ere danborrada ospatuko da Usurbilgo jaietan. Uztailaren lehen egunean izango da, larunbatez honenbestez, 19:00-21:30 artean irtengo dira kalejiran. Danborrada prestatzeko entseguak ekainaren 14an abiatuko dituzte. Egun horretatik aurrera, astelehen, asteazken eta ostiralero bilduko dira danborradan parte hartu nahi duten herritarrak, 20:00-21:00 artean Udarregi Ikastolako frontoian egingo dituzten entsegu saioetan.

Datozen deialdiak

Ekainak 13, asteartea

18:00 Jai Batzordearen azken bilera Potxoenean.

Ekainaren 14tik aurrera

20:00-21:00 Danborradako entseguak astelehen, asteazken eta ostiralero, Udarregi Ikastolako frontoian.

Ekainaren 19ra arte

41. Bertsopaper eta Gaztetxoen Bertsopaper Lehiaketetarako lanak aurkezteko epea.