Bake-epaile titularra eta ordezkoa behar ditu Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 31a, 09:54

Hala jakinarazi zion Euskal Herriko Auzitegi Nagusirako Gobernu Idazkaritzak apirilaren 18an Usurbilgo Udalari. Alegia, Udalak bake-epaile titular berria eta honen ordezkoa izendatzeko jardunbidea abiatu behar zuela. Eskaera honi aho bateko onespena eman zion udalbatzak, astearte arratsaldean egin zen osoko ohiko bilkuran.

Ohiko prozedura baliatuko da, Udalak berri eman duenez. Deialdi honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, interesa duenak lan eskaintza honetara aurkezteko hilabeteko epea izango du. Eskaerak udal erregistroan edota “Administrazioko Jardunbidea arautzen duen Legediak xedaturiko eran aurkeztu beharko dira”. Deialdi honetara aurkezten diren hautagaiek hiru baldintza bete beharko dituzte: Espainiar Estatuko nazionalitatea izatea, adinez nagusia izatea eta “Botere Judizialeko Lege Organikoko 102., 302., 303., eta 389. artikuluek Kargu judizialetarako aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasun kasuak ez edukitzea”.