2010. urtean Eusko Legebiltzarrak, Zubietako Eskolari lotutako Legez besteko proposamen bat onartu zuen; Zubietako eskolako instalakuntzak hobetu, ikastetxea handitu eta Lehen Hezkuntza osoa modu progresiboan ezartzea. 7 urte igaro dira ordutik, eta Gasteizko Parlamentuak hartutako erabakia erdizka bete dela esan daiteke. Ordutik, begi bistakoa denez, Zubietako eskola handitu eta instalakuntzak hobetu dituzte. Aldiz, Lehen Hezkuntzako eskaintza ez dute zabaldu. Eta horixe, datorren ikasturtetik, 2017-18 ikasturtetik aurrera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari Lehen Hezkuntza osoa progresiboki ezartzea eskatzeko mozioa erregistratu zuen Zubietako Eskolaren komunitateak. Eskaera horrekin bat egin zuen udalbatza osoak, asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran.
Instalakuntzak LH osoa eskaintzeko prest
2014-15az geroztik zabalik duten eraikin berriari esker, Lehen Hezkuntza osoa ezartzeko moduan direla gogorarazten du testuak. Jangela zerbitzua baitute, eta 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko hezkuntza ziklo hau eskaintzeko beharrezkoak diren bi ikasgeletarako espazioak ere badituzte. “Aukera ezin hobea da egindako inbertsioari etekina ateratzeko”, dio Zubietako Eskolakoen mozioak.
Eskaera hazi dela ere nabarmentzen dute. Matrikulazio kopurua gorantz doa. Irailean abiatuko den ikasturte berrirako, 45 haur izango ditu Zubietako Eskolak.
Hau guztia kontuan izanda, harrigarritzat jotzen zuten atzoko osoko bilkuran udal gobernu taldetik, eraikina berritu eta beharrezko baliabideak izanda, Legebiltzarrak onarturiko legez besteko proposamena oraindik gauzatu ez izana. Ildo beretik mintzatu ziren baita EAJ-tik ere atzoko osoko ohiko bilkuran. LH osoa “aspaldi abian jartzekoa” zela zioten. Eta PSE-ko udal ordezkariak ere harrigarritzat eta ulertezintzat jotzen zuen “Legebiltzarreko akordioa ezin izan dela bete” ikustea, 7 urte igaro diren arren.
EAJ-ren emendakina
EAJ-PNV udal taldeak emendakin bat aurkeztu zion Zubietako Eskolako komunitateak aurkezturiko mozioari. Testu honi, “Usurbilen ere Eskola Publikoa ezartzeko beharrezko pausoak eman ditzala” esaldia gehitzea proposatu zuen atzoko osoko ohiko bilkuran. Emendakina ordea gehiengo osoz atzera bota zuen udalbatzak. EAJ eta PSEko udal ordezkariek alde bozkatu zuten arren, aurka agertu ziren udalbatzan gehiengo osoa duten EHBilduko udal ordezkariak.
EAJ-k Usurbilek Eskola Publikoa izatea defendatzen du. Udal gobernu taldetik aldiz ez dute bideragarritzat ikusten Usurbilek bigarren eskola bat izatea. Hasteko, Udalak gai honetan duen eskumena oso mugatua dela gogorarazi zuten atzoko osoko bilkuran. EHBildutik gaineratzen zutenez, EAJ eta PSE-ren agindupean dagoen Eusko Jaurlaritzak ez du asmorik Usurbilen eskola bat eraikitzeko, eta gobernu taldearen esanetan, “ez dugu uste egokiena beste eskola bat eraikitzea denik”.
Udalerri honetan bi eskola izan ditugu iraganean, eta halako esperientziek bi komunitate ezberdin sortzea ahalbidetzen duela ohartarazten dute udal gobernu taldetik. Are gehiago, hainbat lekutan eskolak biltzen doazela ere gogorarazten dute. Horregatik, egun dagoen ikastola, denentzat izatea, ikastetxe honen izaera publikoa bermatzearen aldekoa da EHBildu. Ikastola bakarra, integratzailea, komunitate ezberdinak bilduko dituen eskola izatearen aldekoa da koalizioa.