2016ko GHKren tarifen aurkako auzi errekurtsoan atzera egingo du Udalak, 2017koari eutsiko dio

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 31a, 09:59

Astearteko osoko ohiko bilkuran udalbatzak aho batez berretsi zuen dekretuarekin, “Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Batzar Orokorrak 2015eko abenduaren 22ko bileran hondakinen goi kudeaketa zerbitzugintzaren 2016 ekitaldirako tarifak onartu zituen ebazpenaren aurkako administrazioarekiko auzi errekurtsoan atzera egitea” erabaki zuten.

Aldiz, 2017ko GHK-ko tarifen aurkako auzi errekurtsoa mantentzeko asmoa du Udalak, astearteko osoko ohiko bilkuran berri eman zuenez. Dekretu bidez hala erabaki zuen udalak eta otsailaren 28ko osoko ohiko bilkuran berretsi zuten udal ordezkariek gehiengo osoz. Auzi errekurtsoak aurkeztera bultzatu dituen arrazoiak bi dira nagusiki, udal gobernu taldearen esanetan. Hondakinen kudeaketaren bi printzipio urratzen dituztela irizten dio Udalak. Batetik, “praktika onak saritzea, txarrak zamatzea” aldarritzat duen printzipioa. Baita azpiegiturak bertara eramandako hondakinen bidez ordaintzea ere.