Mozal Legearen aurka agertu eta ospitaleratua dagoen ekintzaileari elkartasuna adierazi dio Udalak

Noaua Aldizkaria 2017ko mai. 31a, 15:34

Gai honi lotuta EHBilduk aurkezturiko mozioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz udal gobernu taldearen aldeko bozkekin, asteartean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Mozal Legearen aurka agertu ziren arren, EAJ-ko udal ordezkariek aurka bozkatu zuten eta PSE-koa abstenitu zen.  

Mozioak Ertzaintzari Mozal Legea ez aplikatzea eskatzen dio, Eusko Legebiltzarrak iazko ekainaren 22an gehiengoz onartu bezala. "Gure babes eta erabateko atxikimendua eskaini nahi diegu, lege eskubide guztiak urratuz zigortu dituzten herritar libre guztiei", eta kezka adierazten du, maiatzaren 13an "Usurbilgo tren-geltokian "Mozal Legearen aurkako protesta baketsu batean larriki zauritu zen ekintzailearen egoera dela eta. Ahalik eta lasterren osatzea opa diogu". Azkenik, zauritua dagoen ekintzaile honen aurkako ekinbide judizialik ez abiatzea eskatzen dio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari.

Emendakina ez zen onartu

EAJ-k emendakin partziala aurkeztu zion EHBilduren mozioari. Mozal Legearen aurkako ekintza erasotzat jo eta erasoa salatzea eskatzen zuen honako puntu hau eranstea eskatzen zuten: "Mozal Legearen aurka, beste edozein helburu politikoen alde bezala ere, bide demokratikoetatik aritzea ezinbestekoa ikusten du Udal honek. Hori dela eta, gure salaketa azaldu nahi dugu, pasa den larunbatean Euskotreneko tren bati egindako erasoa". 

Emendakin hau EHBilduren mozioan txertatzearen alde bozkatu zuten EAJ eta PSE-k. Aurka bozkatu zuen EHBilduk eta honenbestez, gehiengo osoz ez zen onartua izan. Aurretik, adierazpenen tartean, EAJ-k salagarritzat jo zuen maiatzaren 13an Usurbilgo tren geltokian jazotakoa. Gauzak egiteko modua hau ez dela, "hori ez da bidea" zioen PSE-ko udal ordezkariak. EHBildutik aldiz, gertaturikoari "eraso izaera ez diogu ematen" adierazi zuten, "desobedientzia zibilerako eskubidearen barne kokatzen dugu".  Mozal Legeak "euskal herritarron adierazpen askatasuna urratzen" duela gaineratu zuten.

EHBilduren mozioa

EAJ-ren emendakin partziala